txema auzmendi
"egunkaria"-ko administrazio kontseiluko idazkari ohia
"Orain arteko bidegabekeria ikusita, norbaitek zerbait ordaindu beharko luke"
HUMBERTO UNZUETA
bilbao. Txema Auzmendi Kataluniara joatekoa zen, baina epaiketa amaitu artean Loiolako santutegian egon da bizitzen. Epaiketak baldin-tzatuko du bere etorkizuna.
Epaiketa hastear, zer sentitzen duzu?
Nolabaiteko urduritasuna. Behin baino gehiagotan parte hartu izan dut epaiketaren batean edo bestean defentsak hala eskatuta testigantza emateko, baina kontu hau oso bestelakoa da. Auzitegi Nazionalean akusatuen aulkian egoteak egonezin handi bat sorrarazten dit. Epaitegi hori babes juridiko ezarekin lotzen dut. Ez dut konfiantzarik nola interpretatuko diren gure hitzak. Deseroso, mesfidati eta artega sentitzen naiz. Bestetik, pozik nago behingoz kontu hau amaituko baita.
Zazpi urte epaiketaren zain, nolako ondorioak utzi dizkizu?
Latzak izan dira. Ekonomikoki gastuak izugarriak izan dira eta oraindik ere gehiago izango dira; psikologikoki ere desgaste handia jasan dugu Damoclesen ezpata gainean dugula jakitea zama gogorra baita; eskubide zibilen alorrean bizitza normal bat egin ahal izateko oztopo ugari izan ditugu, astero joan behar izan dugulako auzitegira sinatzera, Estatutik irtetzeko baimena eskatu behar izan dugulako, bankuan ezin dugulako gure izenean kontu korronterik ukan...
Kataluniara lanean joateko asmoa epaiketa amaitzen denerako utzi duzula irakurri dut. Aurki bete ahal izango duzu asmo hori?
Epaiketa baino lehen joateko asmoa nuen, baina aurreratu dutenez itxaron beharko dut epaiketa bukatu arte, eta ez banaute espetxeratzen orduan beteko dut nire asmoa. Orain arteko bidagabekeria ikusita -egunkaria itxi, atxilotu batzuk torturatu...- bat-batean zazpi urteren ostean denok libre utziko gaituztela sinestea zaila egiten zaigu. Susmoa dugu norbaitek zerbait ordaindu beharko lukeela. Ez dut uste Auztegia justizia egiteko dagoenik, politikaren arabera funtzionatzen du.
Auzia Euskal Herrian balitz, sententzia bestelakoa izango litzateke?
Zalantzarik gabe. Gauza bat da Auzitegi Nazionala, garai bateko Tribunal de Orden Público hura ordezkatu zuena, eta beste bat epaitegi arrunt bat. Gauzak izugarri aldatuko lirateke bertako epaileek epaituko balute auzi hau. Gero gerta daiteke hauek asmatu dezaketela edo ez, baina prozesua politizaziotik libreago egongo litzateke, inoiz ez erabat libre, baino behintzat libreago.
Fiskalak kasua behin betiko artxibatzeko eskatu du instrukzioan.
Oso garrantzitsua izan da fiskalaren jarrera. Baina azkeneraino eutsiko ote dio jarrerari? Edo, Guardia Zibilaren presioa medio, bere orain arteko ustea aldatuko du? Gure defentsarentzat oinarrizko argudioa da fiskalaren erabaki hori. Hala ere, Dignidad y Justicia eta AVT taldeak herri akusazio gisa jarraitzen dute eta auziak aurrera darrai.
ETAko laguntzaile zaretela leporatzen dizuete eta horregatik itxi zuten Egunkaria
Horrela da. ETAko eta KASeko kide batzuei atzemandako agiri batzuetan oinarritzen da salaketa, baina horien arabera ezin da ondorioztatu ETAren eta gure edo Egunkaria-ren arteko loturarik. Agiri horiek lehendik ere bazeunden, Egin-en aurka ere erabili zituzten, baina Guardia Zibilak 2001ean tesi hori idatzi zuen euskararen eta euskal kulturaren aurka jotzeko eta Del Olmo epaileak aurrera jotzea erabaki zuen. Horren arabera, euskalgintzan diharduen oro, baldin eta Jaurlaritza, Aldundiren bat edo beste erakunde publiko baten aterkipean ez badago, ETAren organigrama barruan dago. Hori da tesia eta horri eusten diote, nahiz eta ezer seriorik ez aurkitu.
Zer erizten diozu gizartearen eran-tzunari? Hasierako babes handi hura hoztu egin dela uste al duzu?
Normala ere bada, gainera urte hauetan beste sufrimendu asko gertatu da gure herrian. Jende askorentzat Egunkaria-ren afera ahaztua zegoen eta beste batzuentzat, konponduta. Gertutik bizi izan dugunok soilik jarraitu ditugu prozesu judizialaren nondik norakoak. Baina, halere, hitzaldi eta bestelako ekitaldietan egoeraren berri ematen berriz hasi garenean oso jarrera gertukoa eta beroa hartu dugu. Espero dut larunbateko manifestazioan lagun andana bilduko dela.
Bere esaldia
"Ez dut uste Auzitegi Nazionala justizia egiteko dagoenik, politikaren arabera funtzionatzen du"
Auzmendi, "Egunkaria-ko" administrazio kontseiluko lehendakari ohia.