itortu behar dut opariak egitea gustatu zaidala beti , baita jasotzea ere. Alabaina, erregalua protagonista den gabonetako garai hau, neurri gabez oparitzea zentzugabekeria bihurtzen den garai bera dela uste dut. Izan ere, oparitzeak esan nahi du norbaiti zerbait ematea, trukean ezer jaso gabe, maitasunaren edo begirunearen erakusgarri bezala. Baina, gainera, nik, gehituko nuke bezuza batek ondo pentsatutako zerbait izan behar duela, eta inola ere ez kontsumismoak edo konbentzio sozial hutsak bultzatutako ekintza. Erosi eta erosi, hausnarketa edo neurririk gabe. Hori da, nire ustez, data hauetako arazoa, oparitzea gehienetan konpromiso bihurtzen delako eta asmatzea erronka handia, ezinezko misio batean ez esatearren. Nor ez da urtarrilaren bostean denda batean ibili zer erosi ez dakiela? Edo zenbat jantzi egongo ote dira armairuko tiradera batean inoiz estreinatu gabe jarraitzen dutenak? Badakit oparitzea ez dela erraza, are gutxiago ohituraz edo obligazioz egiten badugu. Opari-tiketaren asmakizuna edo Gabonen ondoren opariak itzultzeko sortzen diren ilara luzeak opariak egitea eta jasotzea bizi ditugun garai hauen beste zentzugabekeriaren baieztapena dira. Horregatik, ez badituzu zuen opariak bigarren eskuko salmenta-plataforma batean ikusi nahi, zentzuz, neurriz eta bihotzez oparitu.