maitu berri den ikasturte honetan hiru urteko alaba ez da eskolara joan. Pandemiak hasierako planak hondatu zituen eta azkenean, etxean geratzea erabaki genuen badaezpada. Ez da ikastolara joan, baina, beharbada, bai. Egia da ez duela talde egonkorrik izan; ezta andereño edo maisurik ere; eta ez dela goiz osoa lau hormen barruan egon. Hala ere, gela baten ordez aire zabaleko parke bat bere ikasleku bihurtu da. Bertan, bere psikomotrizitatea hobetu du: barra batetik jaisten ikasi du, soketatik arazorik gabe igotzen da txirristara heltzeko eta jada ez du tutua zeharkatzeko beldurrik. Gainera, bere adineko bi laguntxo egin ditu eta goizero elkartu dira jolasteko. Hilabete hauetan zehar une asko bizi izan dituzte elkarrekin. Kulunkarako txandak errespetatzen ikasteko aukera izan dute; jostailuak partekatu dituzte; makilekin, harriekin eta loreekin jatekoak prestatu dituzte; eta behin eta berriz, nekatu gabe, asmatutako jolas sinbolikoan aritu dira otso beldurgarriaz iheska. Poza, tristura eta haserrea bezalako emozioak kudeatzen ikasi dute beraien elkarrekintzan. Alabarentzat sekulako ikaskuntzaz beteriko urtea izan da, uste genuenaren oso bestelakoa, baina, zalantzarik gabe, aurreikuspen guztiak gainditu ditu.