ire alaba garaiz aurrekoa da, haurdunaldiko 36. astean jaiotzea erabaki zuen. Txagorritxuko ospitalean jaio zen eta hemendik eskerrak eman nahi dizkiot erditzean artatu gintuen talde osoari. Egia esanda, bost izarreko hotel batean bezala sentitu ginen bertan. Bakarrik egon ginen gelan eta inoiz imajinatuko ez nuena: janaria primerakoa zen! Erizainek haurra zaintzeko jakin beharreko oinarrizko gauza guztiak irakatsi zizkiguten: pardela jartzen, biberoia ematen, bainatzen... Baina, etxera joateko unea iritsi zen. Alde batetik, gogo handia genuen gure etxera iristeko, gure txikia ospitaletik atera eta bere etxea aurkezteko, etapa berri bati hasiera emateko. Bestalde, beldur eta zalantza asko genituen, gehiegi agian. Bertan erditze ondokoa hasi zen: etxean uzten zaituzte, jai handirako ez dagoen gorputzarekin, jaio berriarekin eta miloika galderarekin. Dena oso ondo, bai, baina onena iristeko zegoen: bai familiak bai lagunek jaioberria ikusteko zuten gogoa. Hori ez dago gaizki, ez? Noski ezetz. Arazoa sortzen da batzuk uste dutenean laguntzeko modurik onena zure alaba zure besoetatik kentzea dela. Erditu berri bati lagundu nahi badiozu, oparitu janari-tupper bat, baina ez kendu alaba. Errespetua emakumeari eta bere haurrari, zaintza bientzat izan dadila.