Boteprontoan

Misterioa

11.12.2020 | 00:03
Misterioa

Aurrekoan Gasteizko Amarika plaza zeharkatzen nindoala, telefonoz hizketan ari zen gizon batekin gurutzatu nintzen. Segundo horietan elkarrizketaren zati bat entzuteko aukera izan nuen: Bai, oraintxe bertan ari naiz Bilbotik irteten. Zur eta lur geratu nintzen. Gizonaren gezur borobilak seko utzi ninduen eta sekulako jakin mina piztu zitzaidan. Zergatik ari zen gezurretan? Zer zuen ezkutatzeko? Hori pentsatuz begiratu nuen atzera eta han ikusi nuen gizon hura, urrunduz bere misterioarekin. Misterioak bat batean interesgarri bihurtu zuen gizon hura. Hari buruz eta haren bizitzaren gorabeherei buruz gehiago jakiteko gogoa piztu zitzaidan. Literaturan ere gertatzen da, bizitzan bezala. Ipuin edo nobela bateko pertsonaiek beti gorde behar dute halako misterio bat, jakin mina piztuko digun zerbait. Idazleak pertsonaia nolakoa den ondo azaldu behar badu ere, haren nortasuna, haren egiteko moduak€ misterioari beti utzi behar dio tarte bat, irakurleari aukera eman behar dio hutsuneak betetzeko edo pertsonaiari buruzko galderak egiteko. Eta ezagutzen ditugun pertsonekin ere, berdin. Beti egiten zaizkigu erakargarriagoak misterioaren aura dutenak, misterioren bat gordetzen dutenak, edo itxura hori ematen dutenak behintzat.

Inportantea iruditzen zait bizitzan bakoitzak misterioari tarte bat uztea. Ez gezurrari halabeharrez, Amarika plazako gizonak bezala, baina bai deskubritzeko gogoa ematen duen lurralde lanbrotsu horri. Batzuetan hobe da azalpen gehiegi ez ematea egiten duguna eta ze dugunari buruz. Batzuetan isiltasuna ere bada gauzak esateko modua, edo gure barruan zer ote dagoen jakiteko gogoa pizteko modua. Inguruan hainbeste zarata dugun aro honetan, hobe batzuetan isilik geratu edo, bestela, besteen jakin mina piztu nahi badugu, gurekin norbait kalean gurutzatzen denean gezur bat botatzea. Bilbotik ateratzen ari naiz esatea, adibidez, Gasteizko Amarika plaza zeharkatzen ari garenean.