Antton Telleriaren “Nekatutak” ikuskizuna Filminen ikusteko aukera dudala jakiteak eta Gorka Urbizuren “Hasiera bat” bakarkako diskoaren argitalpenak eragin didaten pozak jasangarriago egin dit astea. Haien lagun-tzaz argitsuagoa egin zait berez nahiko iluna izan den aste hau. Izan ere, egunotan beste behin egiaztatu dugu Espainiako ultra eskuina gero eta presenteago dagoela iritzi publikoan, etengabeko presioa eginez. Aste honetan bertan euskal aktore bat bidegabeki zigortu eta iraindu dute bere adierazpen askatasuna praktikan jartzeagatik, an-tzerki obra bat geldiarazten saiatu dira salatzen duena ez zaielako gustatu… Muturreko eskuindarrak etengabe ari dira gizartean gaindituta zeuden hainbat auzi berpizten saiatzen, iritzi atzerakoiak eta eskubideen kontrakoak hedatzen. Eta argi ikusi da euren mezuek eraginen bat badutela ezagutu dugun CISen inkestan, besteak beste. Espainiako gizonen %44ak uste du berdintasun politiketan gehiegi egin dela aurrera, hainbeste, orain gizonak bihurtu omen dira diskriminatuak. Nekatuta omen daude berdintasunaren eta feminismoaren moda horrekin, haientzat noizbait pasatuko den moda baita. Eta kezkagarriena: gizon horietako asko gazteak dira. Mezu atzerakoi guzti hauek espazioa irabazten ari dira gazte askoren artean. Interneten hainbat foro, blog eta gune birtualek osatzen dute “Manosfera” izena eman zaion espazio atzerakoi, misogino, antifeminista arriskutsu hori. Gazteak egunero ari dira bertan mezu matxistak, arrazistak, homosexualen aurkakoak… jasotzen. Eta honek, beste faktore batzuekin batera, jarri ditu gazte asko feminismoaren eta orokorrean eskubide askoren aurka. Beldurgarria da, eta, hein handi batean, nekagarria, borroka askoren ondorioz lortutako eskubideak zalantzan jartzen direla ikustea. Baina nekea gainditu beharko dugu iritzi atzerakoi hauei guztioi hesi bat jartzeko. Telleriaren “neketik” Urbizuren etengabeko “hasierara” egin beharko dugu jauzia, itxaropena eta lana direlako gure indarra eta gure gasolina.