Pintxo potearen orduan heldu zitzaigun osteguneko txingorra Gasteizen. Eguneroko arazoak ahaztu nahian hainbat jende ardoa eta pintxoa hartzera etxetik irteten diren ordu horretan bertan. Dena ilundu zen bat batean eta ondoren ekaitzak eztanda egin eta izotz pilota eta tanta lodiak jaurti zizkigun gainera. Txingorrak plana zapuztu zien batzuei. Irtetera zihoazela, buelta egin zuten etxera. Beste batzuentzat, aldiz, ez zen oztopo izan jana eta edanarekin jarraitzeko. Arazoen aurrean, beti dago jarrera ezberdinekin erantzuteko aukera. Ekaitza ez dagoen beste batzuetan ere, bestelako kazkabarrak jausten zaizkigu gainera, egunerokoak dakarzkigun albiste moduan, eta honek aisialdian harrapatzen gaituenean zalantza bat sortu diezaguke: ezer pasa ez balitz bezala egin behar dugu eta ondo pasatzen jarraitu ala albiste txarrak ondo pasatzeko ditugun ordu horiek zapuztu behar dizkigu halabeharrez?
Aisialdia eta munduaren egoera. Ondo pasatzeko orduak eta egunero gertatzen diren tragediak. Nola uztartu biak? Zer egin behar dugu? Irun eta Hendaiaren artean bezala muga bat jarri bien artean? Gehienetan saiatzen gara muga hori jartzen, albiste txarrak une batez ahaztu eta gozatzen saiatzen, baina ez da beti erraza izaten. Pentsa tabernan zaudela lagunekin edozein txikikeriari buruz barrezka, eta halako batean mugikorrean ikusten duzu Bilbon hamalau urteko neska bati eraso sexuala egin diola gizon talde batek, adibidez. Hori irakurrita, ez da erraza lagun arteko txantxarekin jarraitzea. Edo entzuten duzu pelikula bat zentsuratu dutela ez dakit zein herritan bi emakumeren arteko muxu bat agertzen delako, eta, nola eutsi zure haserrea eta beldurra ez adierazteko?; edo lagunetako batek kontatzen dizu udalerri euskaldunei galarazi egingo dietela euskara hutsean jarduten. Eta zer egin behar duzu? Beste ardo bat nahi duen galdetu? Ez da erraza erabakitzen. Ekaitzak zure autoaren aurreko kristala arrakalatu badizu, bi aukera dituzu: Carglassera korrika joan konpontzera edo arrakalarekin aurrera egin. Kristalaren antzera, zaurituta, barre egiten saiatzen jarraitu.