Arnas Dezagun taldeko gurasook kezkaz jarrai-tzen dugu Hezkuntza Lege berriaren bilakaera. Gure seme-alabek euskara gehiago jakingo dutela dioten arren, nekez lortuko da hori euskara orduak gutxituta. Gaztelania eta ingeles orduak biderkatu egingo dira, eta euskarazko ikastorduak neurri berean gutxitu. 

Egun D ereduak ikasleak euskalduntzeko dituen zailtasunak ikusita, nola pentsatzen dute gure agintariek konponbidea euskara orduak gutxituz iritsiko dela?

Murgiltzearen eta arnasguneen aipamenik ez dago legearen aurreproiektuan. Gure proposamenak eta eskariak helarazi genizkien arren, legearen aurreproiektuak ez du haur euskaldunen sakabanaketari, bazterketa eta estres linguistikoa amaitzeko inolako neurririk aipatzen. Hori gutxi ez, eta aurreproiektuak ez du zehazten ikasleen euskara maila bermatzen ez duten eskolek zer egin beharko duten euskara maila nahikoa ziurtatzeko.

Hitz politekin apaindu nahi izan duten legearen aurreproiektu honek zehaztasun gutxi dakar-tza, eta neurriak oso eskasak. Euskararekiko atxikimendua eta erabilera maldan behera doazen garai honetan, gure agintariek erdaren aldeko hautua egin dutela dirudi, gaztelera irakas hizkuntza bilakatuta ordu gehiago eskainiz ikasle guztiek ondo baino hobeto jakin arren, eta (gutxienez) ingelesa ere irakats hizkuntza bihurtuz, ingelesez emandako edukien kalitatearen kaltetan. Eredu “aniztuna” aurreproiektuan proposatu bezala orokortzen bada, ez dago aditua izan beharrik ikasleen euskarazko gaitasunak are beherago egingo duela ondorioztatzeko.

Lege aurreproiektu honekin, haur etxetik euskaldunak egun baino are azkarrago erdaldunduko dira, eta haur etxetik erdaldunentzat, euskara are arrotzagoa eta deserosoagoa bihurtuko da. Kinka estu honetan, arduraz eta koherentziaz jokatzeko eskatu nahi diegu eragile eta alderdi euskaltzaleei. Ez goaz bide onetik.