san behar dugu, bai, testuinguru konplexua bizitzea egokitu zaigula. Leihotik kanpora begiratuz gero, globalizazioak zein mundializazioak hizkuntza gutxituen garapenean gero eta eragin nabariagoa dute gurea eta gurea bezalako hizkuntzetan. Globalizazioak ekarri du munduko hizkuntzen posizioaren berrantolaketa, eta hortik periferian kokatutako hizkuntzek multzo horretan betikotzeko joera izateaz gain, segurki, hizkuntza gehienek sailkapen bat atzera egitea. Hartara, egoera gutxituan gauden eta, horren ondorioz, geure lurralde-eremuan gutxiengo garenok are bazterrerago eramango gaitu honek guztiak.
Etxe barrura begiratuz gero, kezka handia eragiten duten elementuak ere badaude. Egun, oraindik, ez dago euskaraz bizitzerik. Hizkuntz Eskubideen Behatokiak beste urte batez mahai gaineratu du euskaldunoi hizkuntza-eskubideak lurralde guztietan urratzen zaizkigula. Are gehiago, zerbitzu publikoetan hizkuntza eskubideen urraketak betikotzeko arriskua dagoela aurreratu zuen, ez badira hizkuntza-politiken norabidetze berri(tu)ak ezartzen. Horri gehitu behar dizkiogu etorkizunean eragin handia izango duten eztabaidak, besteak beste, ikus-entzunezkoen legea, Nafarroako eta Euskal Autonomia Erkidegoko administrazioak euskalduntzeko dekretuak etab.
Eta egoera konplexua bizitzen ari ginela, pandemia sartu zitzaigun. Covid-19ak mundu osoa astindu zuen, guztion zaurgarritasuna eta interdependentzia agerian utziz. Are gehiago, krisi horrek sistemaren beraren gabeziak eta ahuldadeak biluzik utzi zituen, baita hizkuntza-eskubideei dagokien+ez ere. Berehalakotasunaren eta lehentasunen izenean, hizkuntza komunitate gutxiagotuetako kideok ikusi dugu nola zapaldu dituzten gure eskubideak. Bazterreratu gaituzte, eta bazterrekotzat gaituztela argi erakutsi digute.
Gainera, egiturazko egoera horri gehitu behar diogu gurea eta gurea bezalako hizkuntzen kontra diharduen oldarraldi judiziala, dela Konstituzio Kontseiluak bultzatua ipar Euskal Herrian, dela hainbat Justizia Auzitegik bultzatua hego Euskal Herrian. Behin eta berriz adierazten zaigu ez garela askeak gure hizkuntza-politika erabakitzeko.
Halere, ifrentzu horren beste aldean bada urrerik: euskaraz bizitzeko determinazioa duen komunitatea. Pandemiaren garai makurrenetan izugarria izan zen, esaterako, euskarazko hedabideek zuzeneko informazioa izan genezan egindako lana, euskarazko sortzaileek komunitateari egindako ekarpena, Etxealditik Euskaraldira ekimenak izandako babesa...
Eta, zer esanik ez, azken asteotan ikusten ari garena: KORRIKAk ileak lazteko moduko argazkiak utzi dizkigu. Euskararen errelatoaren kontaketa osatzen lagundu digu hitzetik ekintzetara jauzirako gonbita egin digun euskararen aldeko lasterketa nazionalak. Horrekin batera, duela bi aste ere, Iruñeko kaleetan milaka pertsona elkartu ginen herritarrekiko gutxiespena oinarri duten erabaki eta neurriak arbuiatzeko.
Eta, herri-gogoaren erakustaldi sendo horiekin batera, hodei artetik beste eguzki-izpi bat sartu zaigu: gazteek euskararen aldeko fase berri bati bidea emateko konpromisoa, Gazte Euskaltzaleen Sarearen bidez. Biziki pozgarria da ikustea gazteek ere, euskararen egungo egoerak arduratuta, herri bultzadaren beharra badutela. Biziki pozgarria da ikustea herri bultzada hori artikulatzeko urratsak egiten dituztela. Finean, biziki pozgarria da ikustea euskararen aldeko mugimenduaren katea ez dela eten.
Askotan esan izan dugu kristalezko sabaiaren azpian gaudela, eta beharrezkoa dela etorkizuneko hizkuntza-politikak birpentsatzea sabai hori behingoz apurtu eta indarrez aurrera egiteko. Izan ere, aurrera egiteko garaia da, aurrera egitea dagokigu. Euskarak aurrera egingo badu, beharrezkoa du herri bultzada. Hau da, argi izan behar dugu ez duela aurrera egingo, ez bada komunitateak aurrera egiteko erabakia hartzen duelako. Maiatzaren 21ean bultzada egiteko aukera izango dugu, eta ez dugu hutsik egingo, euskarak aurrera egitea nahi dugulako. l
* Euskalgintzaren Kontseiluko idazkari nagusia