ausoz pauso, ekimenetik ekimenera bideak urratuz eta, horrek sortzen duen arrastoan, euskal hiztunen hazia ereiten. Batzuetan, espazio zainduak duten garrantzia azpimarratuz; bestetan, esparru zabalagoak bultzatuz... Baina, beti, euskararekiko konpromisoa eta atxekimendua sustatuz geure artean eta gure sareko ikastetxeen artean. Jakinik, noski, lan handiena gutako bakoitzaren eskuetan dagoela, hizkuntza batek hiztunik ez badu, ezer gutxi baita.
Gaur ere, eskuartean erronka, aberatsa eta irekia, euskal hitza gero esparru zabalagoan mugitu eta izan dadin, hainbaten hitza elkartuz eta bateratuz esanahi handiko esaldi luzeagoak eta aberatsagoak sortu ditzan; hitzetik-ortzera, loturarik gabe baina etenik gabe, aldi berean, hizkuntz koreografi berriak dantza dezaten.
Haur, nerabe, gazte eta helduon artean bultzatuz, eta bata besteari lagunduaz, euskaldunok euskaldunokin euskaraz bizitzearen garrantzia transmititzen. Eskuartean paregabeko altxorra eta ondarea, egunez egun gauzatu eta janaritu beharrekoa, hezkuntz eta hizkuntz eskubideak bermatuz, hizkuntzatik ere mundo justuago bat eraikitzen joan gaitezen. Garen garenetik, mundura zabalduta, baina erroak egoki eta sendoki sustraiturik, gure izatea eta hegan egitea gizatiarragoa eta ederragoa izan dadin. Horregatik, baita ere, lagun diezaiegun euskarazko hitzei paseatzera irteten, iparraldetik hegoaldera, ekialdetik mendebaldera.
Lehenik eta behin, erabaki indibidualak berretsi behar, kolektiboak bihurtzen joan daitezen eta bihur ditzagun. Horrela, euskararen landa haratago zabalduaz, Europako eta munduko mugak gaindituz, gure euskal kulturak hitz propiagoa eduki dezan; zer esanik badauka eta. Ozenagoa izan diadin, ezinbestekoa hezkuntzaz haratago, gizartearen konpromisoa eta inplikazioa, hezkuntzaren ahalegina bakarrik ez baita nahikoa jakitetik hiztunak izatea bihurtzeko. Etxeko balioak, eskolan lantzen eta jorratzen diren balioei gorputza ematen die, horregatik ere familiei gure gonpidapen berezia: transmisioa mimatu eta denboran luzatu, gaurtik biharrera ziurtatuz. Guztiok beharrezko; batzuk, berriz, ezinbesteko.
Euskaltzaleen Topaguneak bultzaturik, urtez urte, saioz saio, gogotsu egiten dugun ahaleginak, jada, bere fruitua ematen ari da, baina mardultzen joan behar du. Berri eta sendo dezagun Europa mailan egiten den ekimen handienak (eta bakarrak) zer esanik baduela, zer adierazteko gai dela, hizkuntzaren hezkuntzak garrantzia duela, eta hizkuntza aberastea pertsona, gizartea, mundua aberastea dela. Arnasa hartu eta jarrai parkeak, eskola kanpoaldeak, plazak, terrazak, etxeak eskalatzen, gogoz, tontorrak zain ditugu eta. Esan beharrik ez, hobe lagunekin bakarrik baino. Eta horretan ere,”Haurren aurrean, heldukok heldu” joka dezagun
Heldu haurrei eskutik, eta elkarrekin eta elkarturik euskarazko bideari ekin, egunerokoa bere ohizko territoria izanez, euskarazko hitzen mendikatea zabalduaz, aldi bakoitzeko giza-paisaiarekin batu dadin.
Gaur, bihar eta etzi euskara eskutik hartu, ezpainetatik hitzei leku egin eta besteei eskaini, Euskarak 365 egun bizirik dihardun eta iraun dezan. Helduon beharra dauka, haurrengana ondare baliogarri bezala hel dadin. Oinarrietatik ezagutzara berretsi dezagun. Gizartearentzat hizkuntza ere mesede baita.
* Euskaraldiko ekimenen koordinatzailea Kristau Eskolan