inoiz baino hobeto etor zitekeen gaurkoan Oskorri taldeak abesten zuen Vitoria-Gasteiz izeneko kanta: Gasteiztar berria naiz / maitale arrotza / ulertuko ote dut / zure adur hotza? Ze patu adarjolek / ezkondu nau bertan / bi izen dauzkan hiri arraro honetan? Bi izeneko hiri honetan bizitzeko baimena eskatu behar izanen dudala aitortzen dut. Lehenengo ta behin, Vitorian jaioa ez naiz eta vitorianismoaren ikurrak Artium, Salburua auzoa edo Azkena Rock har-tzen ditut Monumento de la Plaza de la Virgen Blanca, General Álavaren urrezko ezpata edo Andra Mari Zuria irudiaren hornacina baino. Bekatu hau sarritan izkutatzen dugu kanpotarrek “Zu hemengoa ez zara, ezta?” galdera entzuten dugun arte, Ensanchean edo zein udal bulegoan, esate baterako. Eta esatekorik ez magrebetik etorritako laguna bazara. Orduan kontuz ibili. Horretaz gain, ez nauzue gipuzkoarra ezta bizkaitarra ere, naparra baizik. Antso Handia errege inbaditzailearen semearen bat eta ez dakit nik hori morralla bihurtuko ote ez banau. Eta guzti hau nahikoa izango ez balitz ere, oinarrizko hizkuntza eta lanbideko tresna erdera izan arren, euskalduna nauzue, nahiz eta euskaldun hutsa ez izatea. Eta etxean elebiduna izateak seguruaski PPko buruzagi begien aurrean atzerritarra egiten nau. Hala ere, gasteiztar berria nauzue, maitale arrotza.
- Multimedia
- Servicios
- Participación