Eskerrak eman nahi dizkiet animoak ematera eta gurekin daudela esatera gugana hurbildu diren ezezagun guztiei. Familiari, bere maitasun guztiarekin, babestu gaitu, lagundu digu eta gure ondoan egon delako une txarrenetan. Baita, bihotzez ere, hurbileko lagunei, isiltasunez gertu sumatu ditugulako, haiek ere gurekin zeudela adieraziz. Denbora hau gurekin batera ibili eta barrutik bizi izan duten familientzat, besarkadarik beroena, ezezagunak baginen ere, indar haundi batek elkartu gaituelako, gure seme-alabek sortutakoak.

Esker anitz Izpurari, herri handi baten berotasuna eta argitasuna, etengabe, sentiarazi egin zigulako. Eskerrik beroenak, bizitzen ari ginen egoera zaila jakinarazteko eta epaiketa politikoak salatzeko ekitaldiak antolatzen aritu zaretenei. Lan gogorra izan da baina, merezi izan du.

Baina, guztien aurrean, eskerrak 28 gazteei, euren konpromiso eta elkartasunarekin, egun guztietan, oztopoak gaindituz ibiltzen irakatsi gaituztelako. Euren eraman onak, irriek, egon diren gartzela guztien kristalen atzetik emandako animo hitzek, guztia errezagoa izaten laguntzen zuelako. Eskerrak, herri eta biztanle honekiko azaltzen duzuen begiruneagatik, zuen desobedientziagatik, zuen borrokagatik; gure maitasuna eta errespetoa zuentzat. Azaldu diguzuen ereduak, egunero injustiziaren aurka borrokatzen jarraitzeko bultzatzen gaitu.