Egungo ikasle eta etorkizuneko osasun langile moduan, pazienteekin harreman hurbila garatzeko ezinbesteko ikusten dugu horiek aukeratzen duten hizkuntzan jarduteko gaitasuna izatea. Osasungintzako ikasketetan, eta batez ere, medikuntzan, euskarari dagokienez lau arazo nagusi daude, eta euren artean, berrelikatzen den zirkulu bat osatzen dute.
Lehendabizikoa MIR azterketa gazteleraz egiteko obligazioa da, beharrezkoa dena gradu ondoko espezialitatea burutzeko. Bigarrena euskaraz matrikulatzen diren ikasleen kopuru baxua da. Izan ere, euskarazko matrikulazioa potentziatzeko ez da inolako ekintzarik edo kanpainarik egiten eta askotan euskarazko ikasketen maila baxuegia den ideia eta pretentsio faltsuak zabaltzen dira.
Matrikulazioaren harira, beste arazo bat euskaraz eskaintzen diren plaza kopuruen zehaztasun eza da. Izan ere, plazak hizkuntza zehatzean ez dira eskaintzen, eta beraz, Estatu espainiar osoko ikasleak matrikulatu daitezke. Selektibitatea gazteleraz egiten duten ikasleek eragiten duten presio demografikoa handiagoa da eta euskarazko matrikulazio datuek ez dute EAE-n selektibitatea burutzen duten euskal ikasle kopuruarekin bat egiten inondik inora ere. Izatez, EAEn selektibitatea euskaraz egiten duten ikasleak gehiengoa dira.
Laugarren eta azken arazoa irakasle euskaldunen urritasuna eta horien kontrataziora begira, plaza elebidunak kudeatzeko politikak dira.
Bai UPV-EHUren sail akademiko zein goi organoek eta bai Osakidetzak irakasle plazen kudeaketan akats eta bidegabekeria ugari egiten dituzte, euskarazko eskaintza kaltetu eta profesional euskaldunen formazioa etenaz. Unibertsitate ospitaleetan, espezialitate bakoitza kudeatzen duen sail edo departamentuak ezartzen ditu espezialitate horri dagozkion irakasgaietako irakasleak. Departamentu horietako gehienak guztiz hierarkizatuta daude, urte askoz ospitalean egon den mediku bat buru dutela. Hori dela eta, plaza elebidun horiek mediku euskaldunek bete beharrean saileko zuzendariak aukeratutako medikuek betetzen dituzte. Bestalde, medikuei irakasle izateko unibertsitate ospitale horretan lan egitea behartzen dien lege bat ere badago eta premiazkoa da horren suspentsioa.
Osakidetza, EHU eta Medikuntza, Fisioterapia eta Odontologia Fakultateko sail akademiko eta dekanotzaren pasibotasun eta ardura gabeziaren aurrean, ikasleok hartu dugu jada hitza, eta hasia da gure erantzuna. Abian da Gure Osasungintza Eraikiz eta Medikuntza Asanbladak bultzaturiko Eutsi plana (Euskaraz Tinko Sendatu eta Ikasi).