aste bat pasata, oraindik oroitzen dugu batzuk Euskadiko Partidu Popularraren lehendakaria, Antonio Basagoiti (hemendik aurrera Andoni Basagoiti, zergatik ez) Euskaltzaindian emandako hitzaldia. Inpaktantea izan da lehen aldiz, alderdi honetako pertsonaren bat euskeraren aldeko defentsa adierazpenak egiten ikustea, esaldi oso esanguratxuekin: "el euskera no puede utilizarse para clasificar a los vascos", "el uso del euskera como arma arrojadiza ha provocado el rechazo a valores", "el euskera crece y se fortalece en el compromiso", eta abar luze xamar bat (noski, horiek guztiak gaztelaniaz, dudarik balego).

Pasartze hau gogoraraztea egoki iruditzen zait, aste honetako Vaya Semanita telebistako programa ikusita, bertako skech miresgarri batean, Basagoitik euskeraren tenpluan emandako hitzaldi horren aipu bat hartu eta beste batekin alderatu zutenean, non Bizkaian emandako beste hitzaldi batean (oraingoan bere alderdikoen aurrean), halako zerbait esan zuen: "Bienvenidos a Vizcaya con "V"; con "V" porque hablo en castellano, y porque me da la gana". Euskerara itzul dezagun hobe uler dadin: "euskerarekin dudan konpromezua hankatartetik pasatzea zilegi zait, gogoa dudalako". Hori dena bere alderdiak txalotzen zuela, noski (horra hor konpromezua).

Ez dut esan behar gure Andonik Euskaltzaindian botatako adierazpenak nolabaiteko egiazkotasunik bazutela, milaka urteko hizkuntza "jaurtiketa arma" modura erabilia izan dela esaten zuenean. Zorte handiz, bere alderdiak (Alderdi Sozialistaren laguntza neurgabearekin, noski) hizkuntzaren normaltasuna deitzen diotena lortzeko modurik badauka: 200.000 euro gehiagorekin, hezkuntzako A eredua laguntzea (hots: euskera, ikasgai modura, eta beste guztia erderaz). Beraz, Sokrates filosofoaren dedukzioa aplikatuz: hizkuntza normaltasuna = A eredua laguntzea = erdera gehiago indartzea = euskera ahultzea.

Honenbestez, nahiago dut pentsatzea Andoni prestatzen ari dela Inoxenteen Egunarentzako, eta Euskaltzaindiaren kontua broma handi baten parte omen dela, izan ere, hitzaldi hura egiten ari zela, ausartu zen euskeraz hitz batzuk egitera, hizkuntzarekiko maitasuna adieraztearren.

Hizkuntza normaltasunari esker, posible izango dugu euskaldunok berak bezala mintzatzea, eta duela aste batzuk Madrileko lehendakaria Esperanza Aguirrek katalanarekin egindako saiakera destruktiboaren antzeko euskal mintzamena lortzea.

Eskerrik asko, Andoni, zure maitasunagatik.

Aitor Castañeda Zumeta

Gasteiz