LAGUN batek honela idazten zidan lehengoan: "Aurreko egunetan Xabier Leteren "Abestitzak eta poema kantatuak" liburua irakurri diat. Xabier hau berezi samarra iduritu zaidak beti, eta aspalditik miresten diat. Pentsamoldea ez ezik, berori adierazteko darabilen hizkuntza ere berezia iduritzen zaidak. Idazkera argi eta beregaina zerabilek, gutxik dezaketen bezalakoa. Hara liburu horretan han-hemendik jaso ditudan gustuko pasarte batzuk.
"Gutxi esplikatu izan ditugu argudio orokor guzien azpian bakoitzaren baitan zeuden arrazoi eta mugiarazle pertsonalak. Ikuspegi sozial guziez gainera, beti behar dira, jendea zerbait egitera jarri dadin, norberaren motore eragileak. Deitu ilusioa, deitu banitatea, deitu norberarekiko exijentzia, deitu betebehar baten kontzientzia, deitu neurosia, deitu sena artistikoa; deitu, zergatik ez, gizatasuna ere. Nehor ez litzateke oholtza gainera igoko barruko zerbaitek bultzatuko ez balu. Jendeak uste izaten du oholtza gainetik ari zaionak baduela esateko zerbait, eta esateko hori ahalik eta dotoreen adierazi behar duela. Hori izan zen, ziurrenik, neri gertatua ere".
Hori aurrenekoa, eta ondotik beste pasarte mordoa. Nik ere gauza bera pentsatu izandu dut Letez, bere mugiarazle pertsonalak jeneralduegi kontatu izan dizkigula, eta behar bada, horretan galdu dugula bere poesiarik ederrena, konkretuena. Hala ere, badut nik susmoa edo esperantza, intimitate konkretu horretatik zerbait are hunkigarriago utziko ote digun, gauzak publikoan adierazteko zuen ohizko dotoretasun hori gabe, zarpailtxeago bada ere.
Ni ere hunkitu ninduen gogotik Leteren liburu honek, joan den Eguberrietan, eguraldia lagun, leitu nuenean. Eta baita orain berriro Pavesez ari dela esan duenak ere hunkitu nau:
"Behar bada, bizitzaren zentzuaren funtsa horretan legoke, egiten dugunarekiko adostasunean, eta hor hutsunea nabaritzen dugunean, ez txaloek, ez ohoreak ezin gintzakete gure izate gozakaitzetik salbatu.
"Baina betirako ezabatua izan denaren harmonia ezina antsiatzen duenarentzat ez legoke kontsolamendurik, ez hitzetan ez beste ezertan. Eta zer litzateke ezabatua izan den hori? Oso urruneko paisaia bat, zentzuak ernaltzearen emozio harriduraz eta minez josia, desioaren exaltazioa, lehen karizien xamurtasuna eta dorpetasuna… Eta nire buruari esaten diot, behin eta berriz, Pavesek bere burua bota zuela ez kulpagatik, nostalgiagatik baizik. ".
Baliteke. Baina bizitza, berarekin ezinkonpondu bategatik utzi behar al da preziso? Ezin al dio gizon ondradu eta apalak bizitzari goxo-goxo adio esan bere maitasun eta argitasun osoan, bere bizi osoari eman dion zentzu betea biribilduz? Ezin dut imajina hori baino koherentzia ederragorik. Nik behintzat horrelaxe ikusi izan dut beti nere bizitza xelebre hau, neure juezik sintzeroena bihotzean daramadan heriotz hauxe bera dudala. Eta etorriko da, eta argitasun osoan ospatuko dut, ez muzin eta ez lurmin, eta bestela gertatzen bada ez da nire heriotza izanen.
Cesare Pavesek esaten du ederki, M.A. Unanuaren euskaran: "Zergatik ez du gizonak zerbait adierazten duen heriotza duin bat aukeratzen? Bere burua hiltzen utzi gabe. Zergatik?". Bai ederra galdera! Jainko eta paradisu guziez honatago, ezin baitut gizatasun beteagorik beste inola imajinatu. Izanez ere, bere bizitzaren zentzua bere heriotzaren zentzuarekin biribiltzen ez dakienak, zer gizatasun izan lezake?
Beste galdera hau ere egin liteke, hain guztizko zuen Paveseren aurrean ipiniz Lete: "hildako bere lagunik maiteenarekin aurkituko dela zinez sinesten duenak, nola segi lezake oinazez mundu honetan?". Eta ez da galdera krudela, inozentzia hutsez eta errukiz egina baizik. Koherentziarik intimoenari bere zentzurik naturalena ematea heroikeria arroztzat jotzen baitu normalean ardijendeak. Letek berak gogoratzen duen bezala, zer segi behar dugu Unamunok esandakoan: "morir es la costumbre" eta kitto, nork bere heriotza estamentu santuren (medizina, tanatorio, eliza) baten monopoliotzat uzten? A ze gradua gizatasunari, bere bizia hola saltzen duenak!... Eta zenbat aldiz xaharren ahotik: "ni noiznahi hiltzeko prest naukazue". Eta zer gauza xinplea eta ederra, nork bere heriotza onartzea. Nork bere mugak zinez onartzea besterik ez baita funtsean.