Euskal Autonomia Erkidegoan errugbia praktikatzen da, amateur kategorian. Gaur egun ez da existitzen errugbi profesionala, baina 1985etik Euskadiko Errugbi Federazioa existitzen da. Iñaki Rica da bere lehendakaria, eta, zuzendaritza-talde handi batekin batera, federazio honen buru da “balioak nagusi dituen kirola” sustatzearen aldeko helburuarekin.

Iñaki Rica, Euskadiko Errugbi Federazioaren lehendakaria. Arnaitz Rubio

Ricak esker onez onartzen du hedabideetan errugbia presentzia izatea, eta arazorik jarri gabe, errugbiari buruzko azalpen sakonak ematen ditu: lehiaketaren nondik-norakoak, kategoria ezberdinak… Hori ez ezik, argi dauka zer den berarentzat garrantzitsuena: balioak, bai indibidualak, baita taldekoak ere.

Errugbia definitzeko esaldi bat errepikatzen du: “Errugbia hezkuntzaren osagarri bat da”, eta ematen dituen azalpenekin batera, ez dago zalantzarik: “Apaltasuna, errespetua, konpromisoa… Kirol inklusiboa da berez, bere izaera berean aurkitu ahal dugu inklusioaren hainbat ezaugarri”.

Euskal Herriko errugbia

Errugbia territorialki kokatzea, zaila da. Araban talde bakarra dago, adibidez, Gaztedi, baina Ricaren hitzetan, oso ondo antolatuta dagoena. Bizkaiko hiriburuan Universitario Bilbao taldea aurkituko dugu, berriz ere Ricaren hitzetan, oso tinko ibiltzen dena eta zuzendaritza-batzorde oso potentearekin.

Bizkaian, orokorrean, hainbat talde daude: Getxon, Gernikan, Uribealdean… Gipuzkoan, lehendakariaren hitzetan, hiriburuan bi talde daude baina momentu honetan ez dira talde handienak. Gipuzkoan indarra eta erreferentzia Ordizian eta Hernanin aurkituko dugu.

Antolaketan, Euskadiko Errugbi Federazioak Euskal Autonomia Erkidegoko taldeak kudeatzen ditu, baina liga barruan, beste lurralde batzuk sartzen dira: “Euskal ligan Nafarroako eta Errioxako taldeak ere sartzen dira, noski”. Kasu honetan, Nafarroako Federazioak bere jokalarien konpetentziak kudeatzen ditu, baina liga bakarrean aritzen dira denok.

Iñaki Rica, Euskadiko Errugbi Federazioaren lehendakaria. Arnaitz Rubio

Ricaren ustez, positiboki baloratu behar da Euskal Ligan hainbat talde aritzea: “Euskal Liga lga lehiakorragoa, lehiakortasun handiagokoa eta errugbi-maila handiagoa izateko sortu zen. Hori dela eta, entrenamendu eta partidak lehiakorragoak izateko helburuarekin bat egin zuten taldeek liga honetan”. Ricaren hitzetan, Iruñean bi talde daude eta haien artean La Única taldea dago.

Euskadiko Errugbi Federazioan 4.500 jokalari dira. Hala ere, Ricak definitzen zaila den antolaketa-egituraz hitz egiten du, Eusko Jaurlaritza eta Foru Aldundiak ere bertan baitaude.

Euskal ligen antolaketa

Foru Aldundiak arduratzen dira eskola-kirolei buruzko kudeaketaz, hau da, jokalariek 14 urte baino gutxiago dituzten taldeez. Kasu horietan, Foru Aldundiekin batera, lurralde-federazioak (Bizkaian, Gipuzkoan eta Araban daude) arduratzen dira lehiaketak kudeatzeaz.

14 urtetik aurrera, Euskadiko Errugbi Federazioa arduratzen da kudeaketaz. Amateur mailan, 16 urtez azpikoak daude, 18 urtez azpikoak, eta gero seniorrak, non gizonezkoen lehen eta bigarren liga eta emakumezkoen liga sartzen diren.

Errugbiaren nondik-norakoak

Nahiz eta Euskadin presentzia duen kirola den, Iñaki Ricak futbolaren nagusitasuna azpimarratzen du, eta nagusitasun horretan aurkitzen dugu ezjakintasunaren jatorria. Bere ustetan, oraindik zuzendu beharreko kontu bat da hori, non futbola ez diren kirol guztiek oihartzun gehiago behar duten, bai gizartean, baita hedabideetan ere.

Iñaki Ricak, jokalarien ezaugarrien artean “egokitzapen fisikoa” aipatzen du, eta ez denak indartsu edo handiak izan behar direlako, baizik eta ezaugarri ezberdinak dituzten jokalarientzat lekua dagoelako: “Errugbia ihes-kirola da, jokalariak saiatzen ari dira ikusten zein diren aurrera egiteko korridoreak edo zuloak”.

Iñaki Ricak barre egiten du egitear dagoen iruzkinarekin: “Aurrera egiten saiatzen ari dira, baloia atzerantz pasatzen duten bitartean, kirol honen berezitasunetako bat da”. Barre egin arren, azalpen handia da jokalarien helburu nagusia ulertzeko: “Ahalik eta metro gehien aurreratzen saiatzea, paseetan ahalik eta gutxien atzera egin behar izateko”.

Noski, nahiz eta ihes-kirola izan, errugbian kontaktu fisiko handia dago, eta horretan du garrantzia egokitzapen fisikoak: “Garrantzitsua da gure jokalariak zelaian 80 minutu aritzeko gai izatea, denbora horri eusteko egokitasuna izan behar dute”.

Gainera, Euskal Herrian klima euritsua dugu, eta batzuetan hotz handia egiten du, eta soroak lokaztuta ikusten dira. Kirolari eutsi behar diote, eta, aldi berean, kirolaz gozatu, beste helburu bat baita.

Jokalarien posizioari begira, bi talde ezberdindu ahal ditugu: aurrelariak, kamisetan batetik zortzira zenbakiak eramaten dituztenk, eta hiru-laurdenak, kamisetan bederatzitik hamabostera zenbakiak eramaten dituztenak. Aldi berean, zelaian lehenengo lerroan, bigarrenean, hirugarrenean… banatzen dira, eta aldi berean, posizio ezberdinak aurkitzen ditugu: irekitzeko prest dagoena, zentroan daudenak, “hegolariak”, “carrierrak” (edo atzelariak)…

Errugbiari buruz ikasteko, Iñaki Ricak dio ez dela hegoalderantz begiratu behar, iparralderantz baizik: errugbiko kirol-kalitate handia Frantzian dago, euskal-frantziar sektorean, eta erreferentziako klub profesionalizatuak daude hor.

Euskarians, federazioaren proiektu nagusia

Euskadiko Errugbi Federazioa 1985 urtean sortu zen eta lehendakariaren hitzetan “iparraldearen eta hegoaldearen artean sortutako adiskidetasun-harremanaren ondorioa izan zen”.

Euskarians taldean Dubain jokatutako txapelketan, 2023ko azaroan. Iñaki Rica

Formalizazio-prozesu horretan pertsona garrantzitsu bat Gerard Murillo izan zen, jokalari profesional frantsesa, eta denbora batez Espainiako entrenatzailea izan zen. Euskal errugbian oso presente egon zen, eta Euskal Federaziotik haratago, Euskarians federazioaren beraren harrotasuna izaten jarraitzen duen proiektua bultzatu zuen. Murillo 2023ko urrian hil zen, baina Iñaki Ricak ohore handiz gogorarazten du: “Errugbiaren ezagutza transmititzeko espiritua zuen”. Ricaren arabera, berak erein zuen Euskal Herrian errugbiko hazia.

Aurtengo martxoaren 30ean Anoetako zelaiak 40.000 frantziar lagun jasoko ditu. Top 14ko ligan jokatzen duen Baionako taldea Donostiara etorriko da partidu bat jolastera. Ricaren hitzetan, horrelako partiduak jokatzen direnean, errugbiaren balio diferentziala “sortzen den ezustekorik ezta istripurik gabeko festa” da.

Euskadiko Errugbi Federazioan proiektu nagusi bat dago: Euskarians: “Iparraldeko, Hegoaldeko eta Nafarroako jokalarien konbinatua da. Errugbia maite dutenek, Euskarians-en bidez, nortasun-proiektu bat aurkitu dute, Bidasoaren bi aldeak elkartzen dituena”. Bere garaian partidu orokor bezala hasi zena proiektu bihurtu zen, eta gaur egun oinarriak idatzita daude eta horretan lanean jarraitzen dute.

Herrialde egiteko aparteko tresnatzat hartzen du Ricak errugbia: “Banakako eta taldeko konplizitateak sortzeko dagoen koipe handiena da”. Hasieran, zaila izan zen hori praktikan jartzea, baina haiek jarri dute abian proiektu hau, eta uste dute gakoarekin eman dutela.

Errugbiko Euskal Selekzioa lehiaketa ofizialetan aritzen den bitartean, Euskarians taldeak ere bere ibilbidea egiten du txapelketa internazionaletan. Udan Top 14 ligako finalaurrekoetan, Donostian aritu ziren Euskarians taldeko jokalariak Kataluniaren kontra.

Balioak, lehen lerroan

Behin eta berriro esaldi berdina erabili du Ricak errugbia definitzeko. Hezkuntzaren osagarri bezala funtzionatzen duen kirola da. Zergatik? “Balioak lehen lerroan kokatzen direlako”. Horrela, Ricak dio pase bat nola egiten den irakatsi aurretik, kirolaren balioak irakasten dira: “errespetua, apaltasuna, lan egiteko beharra, sakrifizioa, espiritu kolektiboa…”.

Errespetua oso presente dagoen zerbait da. Arbitroaren irudian ikusten den zerbait da, “jauna” izenaz egiten zaio erreferentzia. Epaileari zuzenean taldeko kapitaina baino ezin zaio zuzendu.

Gainera, Ricak oso ezaugarri garrantzitsutzat jotzen du errespetuaren kontua: “Kontaktu handia duen kirol bati buruz ari gara; araudi hori ez bagenu, oso zaila izango litzateke jolastea”. Balio horri esker, errugbia beste kirol-diziplina batzuetatik bereizten da.

Lehendakariaren hitzetan, errugbia kirol inklusibo bat da bere izatez. Lehen aipatu bezala, garrantzitsua da egokitzapen fisikoa, baina ez dago soilik baliozko gorputz mota bat. Edozein gorputz duzula ere, errugbian zure rola aurkitu ahal izango duzu. Jokalari batzuek ez dute ezta baloia ukitzen, baina oso funtzio garrantzitsua betetzen dute. Berez, kirol inklusiboa da, non jende guztia ongietorria den, betiere balioak betetzen baditu.

Bultza Liga inklusio horren adibidea da. Senior kategorien barruan duela urte batzuk sortu zen liga hau, non kirola adaptatu den ezgaitasun fisiko zein psikikoak bizitzen dituzten pertsonak ere errugbian aritzeko: “Gure errealitatearen parte dira, eta beste jokalariek bezala, eskubidea daukate kirola egiteko. Besteak bezala, federatuak daude eta haien federazio-lizentzia daukate”.