Kontsumobide Kontsumoko Euskal Institutuak gomendatu du ez fidatzeko unean bertan dirua eskatzen duten seme-alaben edo hurbileko senideen SMS mezuez, iruzur mezuen kanpaina bat antzeman baita.
Mezuotan, delitugileek mezuaren hartzailearen semea edo alaba direla esaten dute, eta dirua eskatzen dute Bizum bidez edo banku transferentzia bidez, kinka larrian daudela edo sakelako telefonoa aldatu behar izan dutela esanez, Kontsumobidetik jakinarazi dutenez.
Mezuek larrialdi sentsazioa eman nahi dute, biktimak azkar joka dezan, gertatzen ari dena pentsatu eta arrazoitu gabe. Horregatik, erabakirik hartu aurretik, Kontsumobidek esan du garrantzitsua dela zentzuz jokatzea eta semearekin edo alabarekin beste bideren baten bidez harremanetan jartzen saiatzea. Gainera, ohikoa da iruzur mezuek ortografia akatsak izatea.
Ziberdelinkuentziak hazten jarraitzen du eta, ziklikoki maizago agertzen diren gertakari batzuen aurrean, kontsumo jarraibide batzuk gogorarazi ditu Kontsumobidek.
Horrela, zalantzarik izanez gero, semearekin edo alabarekin jarri behar da harremanetan, baina beti erregistratuta dugun telefono zenbakian, inoiz ez SMSak adierazten duen zenbaki berrian. Egoeraren egiazkotasuna ziurtatzeko beste aukera bat da mezua bidaltzen duen zenbakira zuzenean deitzea eta seme-alabek bakarrik erantzuten dakiten galdera bat egitea.
SMSarekin elkarreragin ez bada eta ordainketarik egin ez bada, telefono zenbakia blokeatu eta SMSa ezabatu behar da. Gainera, iruzurraren berri eman daiteke Incibe Zibersegurtasunaren Espainiako Institutuan.
SMS bidez ordaindu edo elkarreragin bada, lehenbailehen jakinarazi behar zaio banketxeari, babes neurriak har ditzan. Gomendagarria da jakinarazpenren froga bat lortzea (erregistro zenbakia, hartu agiria, posta elektronikoaren kopia eta abar).
Salaketa egin behar da Ertzaintzan, Udaltzaingoan, Polizia Nazionalean edo Guardia Zibilean, eta jakinarazi eta blokeatu WhatsApp bidez ustez senidearekin harremanetan jartzeko erabili den zenbakia.
Iruzurraren balizko froga guztiak, pantaila atzipenak, erabilitako telefono zenbakiak, elkarrizketak eta transferentzien egiaztagiriak gorde behar dira. Edozein susmagarriren aurrean, ez da fidatu behar, eta gomendagarria da "zero konfiantzaren" araua aplikatzea, jasotako jarraibideei ez jarraitzea, eta informazio pertsonala, bankukoa edo sentikorra ez partekatzea, mezua gertuko norbaitengandik datorrela dirudien arren.