Kutxa Fundazioa Irun Literatura Sarien 46. edizioa arautzen duten oinarriak argitaratu ditu Kutxa Fundazioak, eta lanak aurkezteko epea apirilaren 22ra arte dago zabalik. Eleberri eta olerki modalitateetara aurkez daitezke lanak, euskaraz eta gaztelaniaz.

Antolatzaileek jakinarazi dutenez, lehiaketa zabalik dago euskarazko nahiz gaztelaniazko idazleentzat, edozein dela ere nazionalitatea. Erresidentzia Espainiako Estatuan izatea derrigorrezkoa da gaztelaniazko modalitateetan parte hartu ahal izateko; euskarazko modalitateetan berariazko parte hartzea irekia dago edozein herrialdeetan erresidentzia duten pertsonei.

"Kutxa Fundazioak modu honetan euskararekiko bere konpromezua azaldu nahi du, hizkuntza gutxitua den neurrian", nabarmendu dute.

Olerki modalitatean errima, neurri eta gai askeko lanak aurkez daitezke, gutxienez 800 bertsokoak; saria 15.000 euro eta garaikurra izango da. Eleberri modalitatean gai eta narrazio askeko lanak aurkez daitezke, gutxienez 150 foliokoak, eta saria 20.000 euro eta garaikurra izango da.

LAN SARITUAK

Lan sarituak argitaratu egingo dira, hori baita lehiaketaren beste ezaugarri garrantzitsu bat, literatura sorkuntza eta zabalkundea sustatzeko helburuarekin betiere. Edizio honetan, euskarazko liburu sarituak Elkar argitaletxeak editatu eta banatuko ditu, ohikoa den bezala, eta gaztelaniaz, berriz, Pepitas de Calabaza (eleberrian) eta Reino de Cordelia (olerkian) argitaletxeek.

Lanak onartzeko epea apirilaren 22an amaituko da, eta lan eta pertsona irabazleen berri Irunen ospatuko den ekitaldian emango da ezagutzera irailaren 13an. Sari banaketa ekitaldia ere Irunen izango da, azaroaren 21ean.

Jon Martin, Joxe Mari Iturralde eta Arantza Urretabizkaia (eleberria euskaraz), Luisa Etxenike, Aixa de la Cruz eta Jon Bilbao (eleberria gaztelaniaz), Felipe Juaristi, Beatriz Chivite eta Jon Gerediaga (poesia euskaraz) eta Manuel Rico, Antonio Colinas eta Raquel Lanseros (poesia gaztelaniaz) dira aurtengo epaimahaikideak. Lehiaketara aurkeztutako obren artean komenigarritzat jotzen dituen aipamen bereziak eman ahalko ditu epaimahaiak.

KUTXA FUNDAZIOA IRUN LITERATURA SARIAK BI URTEAN BEHIN IZATEN DIRA

Kutxa Fundazioa Irun Literatura Sariak bi urtean behin izaten dira, eta hauek izan ziren irabazleak eta beren lanak azken edizioan, 2023an: euskarazko eleberrian, Xabier Lasa Gorraizek irabazi zuen Ura ez baita beti gardena lanarekin, eta Martha Asuncion Alonsok gaztelaniazkoan, Cartas a Nensi lanarekin; olerkian, Jon Gerediagarentzat izan zen euskaraz saria Zeru-lurren liburua lanarekin, eta Andres Garcia Cerdanentzat gaztelaniazkoa, 'Equipos de respiración subacuática' lanarekin.