Bertsolari Gazteen BBK Sariketaren 32. aldia jokatuko da aurten, azaroaren 4an Bilbon hasita, eta abenduaren 5ean bukatuta, Zornotzan jokatuko den finalarekin. Tartean lau saio izango dira, Igorren (azaroak 6), Zallan (azaroak 11), Gernika-Lumon (azaroak 18) eta Mungian (azaroak 20). Txapelketako antolatzailea BBK da, eta laguntzaileak Bizkaiko Bertsozale Elkartea eta Bizkaiko Ikastolen Elkartea.
Azken saioa Zornotzan izango da Bizkaiko erdigune geografikoa delako eta sariketa Durangotik hurbil kokatu nahi izan dutelako, "egun horietan, euskal kulturgintzaren erreferente handi den azokatik hurbil", antolatzaileek aurkezpenean azaldu dutenez.
Ohi bezala, lehiaketaren helbururik esanguratsuena Bizkaiko bertsolari gazteen plazaratzean laguntzea da, bai eta, besteak beste, sei bertso saio antolatuta euskalgintzari eta kulturgintzari ekarpena egitea ere.
Bertsolari Gazteen BBK Sariketa taldean jokatzen den lehiaketa da, hau da, bertsolariek taldean hartzen dute parte. Taldeak bi multzotan banatuko dira: Gaztetxoak (A), 18 urte arteko gazteentzat, eta Nagusiak (B), 18 eta 25 urte artekoentzat.
Edizio honetako berrikuntza taldeen osaketan dago. Izan ere, eskualdeak taldea osatzeko oinarria dira, baina ez irizpide nagusia. Horrez gain, A mailakoek, orain arte moduan, hirukoteak osatuko dituzte, eta B mailakoetan aldaketa egongo da eta bikoteka hartuko dute parte.
Eliminazio sistemako txapelketa da. Horrela, multzo bakoitzean sei taldek hartuko dute parte; A multzoan hiru kanporaketa, bi finalaurreko eta finala izango dituzte, eta B multzoan, berriz, bi finalaurreko eta finala. Saio bakoitzean puntu gehien batzen dituen taldeak egingo du aurrera, eta horrela, multzo bakoitzeko bi talde helduko dira finalera. A multzoko lehenengo fasean, puntuazioz sailkatuko da laugarren taldea hurrengo fasera.