BBK Mendi Martxak ekimenaren baitan egiten den erronka urriaren 5ean izango da aurten, BBK Klima zentroaren inguruan, Busturialdean. Natura zaintzearekin lotutako proposamenez betetako jardunaldia izango da, baina ardatz nagusia bertoko espezieen 300 zuhaitz eta zuhaixka landatzea izango da, Lurgaia Fundazioarekin lankidetzan.

Ekintza horrekin, BBK Mendi Martxak-en helburua da aurten ere karbono aldetik ekimen neutroa izatea, aurreko edizioa izan zen bezala, Muxikan egindako landaketari esker, Urdaibaiko Biosfera Erreserbaren barruan.

BBK-ko iturriek jakinarazi dutenez, jarduera doakoa izango da, eta parte hartu nahi dutenek izena eman dezakete dagoeneko Bizkaiko Mendi Federazioaren webgunean (www.bmf-fvm.org).

Zuhaitz landaketa BBK Mendi Martxak ekimenaren ingurumen erronka da. Urtean zehar, Bizkaiko Mendizale Federazioak homologatutako bideak ezagutzera eman nahi ditu ekimenak, baita balio handiko bidezidorrak, bideak eta naturguneak ere, askotan herritarrek ezagutzen ez dituztenak.

Landaketaren ostean, familia osoari zuzendutako hainbat jarduera izango dira, ingurumen sentsibilizazioarekin lotuta. Horrela, Ortutik Ahora Catering Agroekologikoa elkartearen eskutik, bertaratzen direnek 'showcooking' saio bat izango dute bertoko ortuariekin eta eskualdeko produktu ekologikoekin, originala eta zero hondakineko errezeta bat prestatzen ikasteko: Busturiko pikoluze tomate tartarra.

Jardunaldiak BBK Klima zentroko mintegian jarraituko du. Bertan, bertoko beste 300 zuhaitzen kimuak landatuko dira, hala nola urkiak, zuhandorrak edo lizarrak, 2025ean zehar BBK Basoari esker Bizkaiko hainbat menditan birlandatu ahal izateko. Parte hartzaileek, gainera, BBK Klimako intsektu hotela bisitatuko dute, intsektuek ziklo naturalean duten zeregina eta beraien kontserbazio egoera ezagutzeko. Jardunaldia amaitzeko, Urdaibaiko Biosfera Erreserbako hegaztiak ezagutuko dira.

Mendi Martxa Egunean parte hartzen dutenen bazkaria antolatzaileen kontura izango da eta Ortutik Ahora Catering Agroekologikoak prestatuko du artisau erara, bertako produktuak eta produktu ekologikoak erabiliz.

Jardunaldiak, gainera, BBK Klimaren urriko asteburuetarako programazioa osatuko du, eta parkeak krisi klimatikoa arintzen laguntzen duten ekimenetan parte hartzearen aldeko apustua indartu, Urdaibaiko ingurunean ingurumen kontzientzia duten esperientzien bidez.