Euskotrenen Burdinbidearen Euskal Museoak 49 tren historiko jarriko ditu abian abuztuan museoaren Azpeitiko instalazioetatik Lasaora, 34 diesel eta 15 lurrun tren, hain zuzen ere, Eusko Jaurlaritzako sozietate publikoko iturriek jakinarazi dutenez.

Diesel trakzioko trenen zerbitzua asteartetik ostiralera eskainiko da (lanegunak), eta trenak museotik irtengo dira 12:00etan eta 17:30ean. Lurrun trenak, aldiz, larunbatetan, igandeetan eta jaiegunetan ibiliko dira: larunbatetan, 12:00etan eta 17:30ean aterako dira trenak, eta igandeetan 12:00etan.

Bestalde, aste honetan bertan lurrun trenen lau zirkulazio eskainiko dira: asteazkenean, uztailaren 31n, 12:00etan; larunbatean, abuztuaren 3an, 12:00etan eta 17:30ean, eta igandean, abuztuaren 4an, 12:00etan. Asteartetik larunbatera 10:30etik 14:00etara eta 16:00etatik 19:30era dago irekita museoa, eta igande eta jaiegunetan 10:30etik 14:00etara (astelehenetan izan ezik).

Burdinbidearen Euskal Museoak Europako tren bildumarik onenetakoa du bere instalazioetan. Mota guztietako ibilgailuak ditu, hala nola lurrin, diesel eta elektrizitate bidezko lokomotorrak, automotorrak eta era askotako bagoiak.

Euskadiko makina-erremintaren bildumarik osatuenetakoa dauka

Era berean, Euskadiko makina-erremintaren bildumarik osatuenetakoa dauka, Urolako Burdinbidearen tailer mekaniko zaharrari esker, bai eta XIX. mende amaieratik aurrera erabilitako uniformeen laginak eta trenen arloko erlojuen munduko bildumarik onenetako bat ere, ondorioztatu dutenez.