Bilboko Udalak bultzatutako Bilbo Balioen Hiria (BBH) proiektu estrategikoak aipamen berezia jaso du nazioartean CGLU-Mexiko Hiria-Kultura 21 sarietan. Eider Inunciaga Euskarako, Herritarren Arreta eta Partaidetzako, 2030 Agendako eta Nazioarteko Gaietako zinegotziak uztailaren 25ean jaso zuen saria.
Bilboko Udaleko iturriek jakinarazi dutenez, aurtengoa seigarren edizioa da eta hiriek balio eta eskubide kulturalak sustatzeko duten lidergoa nabarmentzen du sariak, tokiko garapen jasangarriaren zeharkako motor diren neurrian. Inunciagaren iritziz, "saria emateko zeremonia hunkigarriak erakutsi du kulturak eta balioek balio dutela elkar aberasteko eta elkarri ulertzeko".
Horrez gain, Euskarako, Herritarren Arreta eta Partaidetzako, 2030 Agendako eta Nazioarteko Gaietako zinegotziak aitortu du zenbait hirik interesa erakutsi dutela BBH prozesuaren eta metodologiaren inguruan. Bilbo Balioen Hiria proiektuak harrera ona eduki du, eta epaimahaiak proiektuaren zeharkakotasuna nabarmendu du.
Eider Inunciaga zinegotziak sariaren garrantziak nabarmendu du: "Bilbok dituen erronkei buruz Mexikoko Euskal Ordezkaritzarekin lan egiteko, Queretaroko Gobernuarekin jarduteko eremuak zehazteko eta Mexiko Hirian PILARES bezalako proiektuak bisitatzeko. Proiektu horiek, hiriko 298 guneren bidez, kultura, hezkuntza eta osasuna kolektibo zaurgarrietara hurbiltzen ari dira".
Munduko eskualde guztietako hirien eta tokiko gobernuek parte hartu dute sarietan. Guztira, 89 hautagaitza aurkeztu dira eta Bizkaiko hiriburua udal-programa honengatik nabarmendu da. Proiektu berritzaile eta anbizio handiko bezalakoa hartu dute. Ekimenaren xedea komunitate indartsuagoa eta kohesionatuagoa eraikitzea da eta Bilbon ongizatea eta bizikidetza sustatzen dituzten balio partekatuetan oinarrituta dago. Era berean, eskubide kulturalen aldeko apustu hori da Bilboko 2023-2033 Kultura Plan Estrategikoaren ardatz gidarietako bat, sari honek berresten duena.