Guggenheim Bilbao Museoak 300 eguzki panel instalatu ditu bere teilatu lauetan, eta, horri esker, %5 inguru aurreztuko du kontsumo elektrikoan eta erakusketa areto guztien argiztapen beharrei erantzuten jarraituko die.
Eguzki panelak eraikinaren bi estalkirik zabalenetan kokatu dira
Proiektua aurkezteko prentsaurrekoan azaldu dutenez, eguzki panelak eraikinaren bi estalkirik zabalenetan kokatu dira. Horrela, ez dira kaletik ikusten, eta eraikinaren arkitekturan integratuta geratu dira.
Eraikinaren berezitasun arkitektonikoa kontserbatzea erronka handia izan da proiektuaren garapenean. Hori dela eta, Frank Gehry arkitektoaren eta Bilboko Udalaren oniritzia jaso du museoak aurretik plaken diseinua erabakitzeko orduan, beste elementu batzuekin bat etorri behar baitu, hala nola argi zuloekin.
Guggenheim Bilbao Museoko instalazioetan eguzki panelak instalatzeko proiektua osatu da horrela. Proiektua urtarrilean hasi zen, museotik kanpo dagoen biltegian 90 plaka fotovoltaiko jarri zirenean. Plaka horiek eraikinaren guztizko elektrizitate eskariaren %30eko ekarpena egiten ari dira batez beste, eta, egun eguzkitsuetan, biltegiko behar elektriko guztiak betetzen dituzte.
Museoko teilatu lauetako instalazio fotovoltaikoa 2024–2025 aldiko ingurumen jasangarritasuneko planean jasotako ekintzetako bat da, zeinak 2030ean karbono neutraltasuna lortzeko bidean aurrera egiteko konpromisoa jasotzen baitu. Energiaren Euskal Erakundeak kudeatzen dituen Europako NextGenerationEU diru laguntzekin finantzatutako proiektua da.