Surbisa Bilboko eraikinen eta etxebizitzen birgaitzea kudeatzeaz arduratzen den udal sozietateak lankidetza hitzarmena sinatu du Laboral Kutxarekin, Bilboko Udalak sustatutako birgaitze obren finantzaketa errazteko. Hitzarmenari esker, auzokoen erkidegoek eta partikularrek aukera izango dute irtenbide ekonomiko pertsonalizatuak lortzeko.

Jon Bilbao Surbisako presidente eta Hiri Berroneratzearen Saileko zinegotziak eta Alberto Garay Laboral Kutxako Komunitateen Birgaikuntzako Negozioa Sustatzeko arduradunak izenpetu dute bi erakundeen arteko hitzarmena. Urtebeteko indarraldia izango du, luzatzeko aukerarekin.

Akordioak ahalbidetuko du auzokoen erkidegoek eta partikularrek konponbide ekonomiko pertsonalizatuak lortzea eta finantza bazterketako egoeran dauden pertsonek ordaintzeko zailtasunei aurre egin ahal izatea.

Bilbaok azaldu duenez, "eraikinen jabeen erkidegoei beren birgaitze eremuetan emandako laguntzan ohartu gara familia kalteberek obrak finantzatzeko arazoak izaten dituztela askotan, eta horrelako hitzarmenak oso lagungarriak dira gizarte kohesioaren ikuspuntutik".

Bestalde, Garayk nabarmendu du Laboral Kutxa "gizartearekin eta ingurunearekin konpromisoa duen erakundea" da, bere hornitzaileen %90 tokiak direla eta mozkinen %25 gizartean birbanatzen direla. Bada, esan duenez, hitzarmen honen bidez, "beste urrats bat egin nahi dugu, eta beren-beregi horretarako sail bat eta produktu bat sortu ditugu, herritarrei, jabeen erkidegoen bidez, etxebizitza jasangarria eta erosotasun estandar handikoa izateko finantzaketa lortzen laguntzeko, baldintza oso onetan".