Mercadona supermerkatu fisikoen eta sareko salmentako konpainiak "enplegu egonkorra eta kalitatezkoa" sustatzen du Euskal Autonomia Erkidegoan (EAE), eta 214 lanpostu berri sortu zituen 2023an. Horrela, 2.682 pertsonako lantaldea du Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan.

Konpainiak jakinarazi duenez, langileei ordaintzen dien soldata sektoreko batez bestekoaren gainetik dago (gutxieneko soldata gordina 2.102 euro da hileko lau urteko antzinatasunarekin). Horrez gain, langileen erosahalmena bermatze aldera, KPIaren araberako soldata igoera onartu zuen, eta horri helburuegatiko saria gehitu dio, zeinak lotura baitu konpainiak lortutako mozkinekin eta langileak urte hasieran ezarri diren xede eta helburuak lortu izanarekin. Ohiz kanpoko neurri gisa, ordainsari erdi gehiago eskaini zuen 2023an produkzio eraginkortasuna eta kudeaketa hobetzeagatik.

Halaber, enpresaren aurrerapen garrantzitsuetako bat 5+2 lan astea ezartzea izan da. Hala, langileek bi atseden egun dituzte astean, eta urtean zortzi asteburu luze. "Horri esker, merkataritza sektoreko langileen lana, bizitza pertsonala eta familia bateragarri egitea errazagoa da", ziurtatu dute konpainiako iturriek.

Bestalde, 2023an zehar, Mercadonak 6,5 milioi euroko inbertsioa egin zuen Gasteizko bloke logistikoan, produktu galkorrak biltegiratzeko pabiloi berria eraikitzeko. Urtea amaitzean, Mercadonak 31 supermerkatuko sarea zuen EAEn: 17 Bizkaian, 8 Gipuzkoan eta 6 Araban.

"Denda eraginkorra"

Saltoki guztietatik 30ek 'Denda Eraginkorraren Eredua' zerabilten, eta 28k txertatua zuten 'Jateko Prest' atal berria; plater horiek material naturalekin egindako ontzietan datoz (azukre kanaberazkoak, konpostagarriak, kartoizkoak nahiz paperezkoak).

Gainera, Mercadonak EAEko nekazaritzako elikagaien sektorearen alde egindako apustu jasangarria etengabea izan zen 2023an ere, eta erkidegoko hornitzaileei 474 milioi euroren erosketak egin zizkien. Kopuru hori 41 produktu hornitzaile baino gehiagoren eta kide dituen 322 hornitzaile ez-komertzialen eta zerbitzuetakoen artean banatzen da.

Azkenik, Ekintza Plan Sozialaren esparruan, Mercadonak premiazko produktuen 697 tona eman zituen dohaintzan EAEn hainbat ekimenen bitartez. Horrela, beste urte batez, kolektiborik zaurgarrienekin solidario agertu nahi izan da, eta "ahalegin nabarmena" egin du gizarte erakundeekin osatutako kolaborazio sarea zabaltzeko. Hala, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako elikagai bankuekin eta Bizkaiko Gurutze Gorriarekin ari da lanean.