Abeltzaintzarako prestakuntzaz arduratzen diren Behizain Eskola (esne behiak) eta Artzain Eskola (ardi eta ahuntz azienda) 2024-2025 ikasturterako formakuntza eskaintza prestatzen ari dira jada, eta, ildo horretan, ate irekien jardunaldiak egingo dituzte azpisektoreotan lan egin nahi duten pertsonei instalazioak ezagutarazi eta proposamen akademikoaren berri emateko, maiatzaren 24an eta 31n, hurrenez hurren.
Hain zuzen, Hazi Fundazioko iturriek jakinarazi dutenez, Behizain Eskolak harrera egingo die Aretxabaletako (Gipuzkoa) Areantza Etxebarri baserrian egiten den ikasketa prozesuaz gehiago jakin nahi duten guztiei. Julen eta Agustin Abasolo dira ikastaroaren kudeatzaileak, eta urte askotako esperientzia dute esne behien sektoreko profesional gisa.
Ikasleek ikasturtean zehar bizitoki eta lantoki izango dituzten instalazioak erakutsiko dituzte, eta erabiltzen duten prestakuntza ereduaren berri ere emango dute. Gelako ordu teorikoak eta ordu praktikoak hartzen ditu barne eredu horrek, eta baserriko laborategian bertan (ukuilua, gaztandegia, jezteko gela eta merkaturatzea) eta sektoreko enpresetan egiten dira ordu praktikoak.
Hain zuzen, Artzain Eskolan 25 urte baino gehiagotan zehar arrakastaz erabilitako irakaskuntza sisteman oinarritzen da sistema hori. Horrela, Arantzazuko (Oñati, Gipuzkoa) Gomiztegi baserriak maiatzaren 31n irekiko ditu ateak, eta instalaziootan eskaintzen duten esnetarako ardi eta ahuntzei buruzko ikastaro trinkoari buruzko informazioa emango dute.
Artzain Eskolak prestakuntza ibilbide berritzailea eskaintzen du, ikasleek euren etorkizuneko proiektuari forma eman diezaioten. Hala, animaliekin zuzeneko harremana izanda, laborategietara eta kudeaketa zentroetara bisitak eginda eta artzain profesionalen baserrietan praktikak eginda ikasten da.