Euskadiko Orkestrak 2023-2024ko kontzertu denboraldiko hurrengo programari ekingo dio Donostian asteazken honetan, maiatzaren 8an, 'Lalo / Dvorak' izenburupean, eta Ari Rasilainen zuzendari finlandiarra eta Alban Gerhardt biolontxelo jotzaile alemana izango ditu lagun.

Kontzertuak datozen egunetan izango dira ohiko lau hiriburuetan: asteazken honetan eta ostegunean, maiatzaren 8an eta 9an, Donostiako Kursaal Auditoriumean; ostiralean, maiatzaren 10ean, Euskalduna Bilbao jauregian; maiatzaren 13an, Gasteizko Principal antzokian, eta maiatzaren 14an, Iruñeko Baluarte auditoriumean. Kontzertu guztiak 19:30ean izango dira, orkestrako iturriek jakinarazi dutenez.

Bada, kontzertuotan, Euskadiko Orkestrak lehen aldiz interpretatuko du Anna Clyne gaur egungo konpositore britainiar garrantzitsuenetako baten musika sinfonikoa. Rasilainenek zuzenduko du orkestra, Lina Gonzalez-Granadosen ordez, kolonbiar-estatubatuarrak bertan behera utzi behar izan baitu bere parte hartzea azken unean gaixotasunagatik.

'This Midnight Hour' lanean, Clynek Juan Ramon Jimenez eta Charles Baudelaire idazleen poemak ditu inspirazio iturri. Obra sinfoniko garaikidea da, nazioarteko arrakasta handia lortu duen bakarretakoa, eta Orchestre National d'Île-de-France orkestraren enkargu batetik sortu zen.

Clynek 2015eko azaroaren 13an estreinatu zuen eta, ordutik, mundu erdian programatu dute orkestra oso garrantzitsuek, hala nola Los Angeleseko Filarmonikoak edo BBC Philharmonicek. 2024ko maiatzean zehar 13 aldiz interpretatuko dute AEBetako eta Europako orkestrek, besteak beste, Euskadiko Orkestrak.

Bestalde, egungo biolontxelistarik ospetsuenetakoa den Alban Gerhardt euskal agertokietara itzuliko da, 2016an Euskadiko Orkestrarekin elkarlanean aritu ondoren. Oraingoan, biolontxelo jole alemanak Edouard Laloren 'Biolontxelorako Kontzertua' interpretatuko du. 1876 eta 1877 artean idatzi zuen Lalok eta bere obrarik interesgarrienetakoa da. Adolphe Fischerrek estreinatu zuen 1877ko abenduaren 9an.

Antonin Dvoraken 'Zazpigarren Sinfonia' lanak amaituko ditu kontzertuak. Egile bohemiarraren berezko folklore kutsuari eusten dion arren, bere ziklo sinfonikoko larri eta dramatikoena ere bada partitura hori. Bere sinfoniarik perfektuena izan zen, eta harrera kartsua izan zuen 1885eko apirilean, Londresen estreinatu zuenean.

Emanaldi guztietarako sarrerak salgai daude www.euskadikoorkestra.eus webgunean eta auditorium bakoitzaren web orri eta leihatiletan, 10 eta 38 euro bitartean.