Donostia Zinemaldiak eta Loterías y Apuestas del Estado erakundeak gizarte gaiei buruzko film laburren lehiaketa bat sortu dute. Lan irabazleak 10.000 euroko saria jasoko du, eta bigarren sailkatuak, berriz, 5.000 eurokoa. Loterías deituko den sarirako izena emateko epea hasi da eta ekainaren 17an amaituko da.
Hasiera batean hiru urteko indarraldia duen akordioari jarraituz, lehiaketa berriaren helburua da ikus-entzunezko bitartekoak erabiltzea aberastasuna birbanatzea, desberdintasunak ezabatzea eta gizarte justizia sustatuko dituzten mezu positibo eta itxaropentsuak zabaltzeko, Donostia Zinemalditik jakinarazi dutenez.
Deialdiaren oinarrien arabera, film laburren gaiak lotuta egongo dira adinekoen ongizate, haien bakardadearen aurkako borroka eta haien bizi-kalitatea hobetzearekin; genero indarkeriaren biktima diren emakumeei laguntzearekin; kalteberatasun egoeran dauden pertsonei laguntzearekin; eta laguntza sozioekonomikoa behar duten minbizidun pazienteei laguntzearekin.
Film laburrak Donostia Zinemaldiaren web orrian inskriba daitezke. Produkzioaren %51 espainiarra izan beharko da gutxienez, eta lan baakoitzak gehienez hamar minutuko iraupena izango du. Filmak aurkezteko euskarria bat etorriko da Donostia Zinemaldiaren eskakizun teknikoekin -lehiaketaren oinarrietan daude zehaztuta-.
Loterías sariak erabakiko dituen epaimahaia Donostia Zinemaldiaren Zuzendaritzak eta erakundeak berak aukeratuko dute, eta ikus-entzunezko eta gizarte arloetako hiru ordezkarik osatuko dute. Bi lan irabazleak sariak banatzeko ekitaldian proiektatuko dira, Donostia Zinemaldiaren 72. edizioan -irailaren 20tik 28ra-.