Zinebi Dokumentalen eta Film Laburren Bilboko Nazioarteko Jaialdiak zinemagile, ekoizle eta banatzaileei zuzendutako urteroko deialdia egin du 66. edizioan parte hartu nahi dutenek lanak bidali ditzaten. Aurten jaialdia azaroaren 8tik 15era egingo da, eta uztailaren 15era arte jasoko dira film laburrak eta abuztuaren 31ra arte lehen film luzeak.

Bilboko Udaletik jakinarazi dutenez, Sail Ofizialean, gehienez 30 minutuko iraupena duten fikziozko, animaziozko eta dokumentaleko filmak onartuko dira Film Laburren Nazioarteko Lehiaketarako, 2023ko urtarrilaren 1etik aurrera ekoitziak, eta 60 minututik gorako iraupena duten lehen filk luzeak ZIFF-Zinebi First Film Nazioarteko Lehiaketarako, Estatuan estreinatu ez direnak eta 2024an ekoitziak.

Filmen ekoizleek edo legezko ordezkariek izena eman beharko dute Festhome plataformaren bidez jaialdiaren webgunetik, (www.zinebi.eus), uztailaren 15a baino lehen film laburrentzat, eta abuztuaren 31 baino lehen film luzeentzat.

Sail Ofizialeko Film Laburren Nazioarteko Lehiaketan parte hartzen duten film laburrek honako sari hauek irabazteko aukera izango dute: Zinebi Sari Nagusia (7.000 euro), Euskal Zinemaren Sari Nagusia (6.000 euro), Zinema Espainiarraren Sari Nagusia (5.000 euro), Fikziozko Film Labur Onenaren Mikeldia (5.000 euro), Animaziozko Film Labur Onenaren Mikeldia (5.000 euro), Dokumental Labur Onenaren Mikeldia (5.000 euro) eta EITB Publikoaren Saria (3.000 euro).

Halaber, Sail Ofizialeko ZIFF-ZINEBI First Film Nazioarteko Lehiaketan parte hartzen duten lehen film luzeek aukera izango dute ZIFF Sari Nagusia (12.000 euro) eta UPV/EHU Gazte Epaimahaiaren Saria (2.000 euro) irakazteko.

Zinebi Bilboko Udalak antolatzen du, Bizkaiko Foru Aldundiaren, Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailare eta Espainiako Gobernuko Hezkuntza, Kultura eta Kirol Ministerioaren mendeko Zinematografiaren eta Ikus-entzunezko Arteen Institutuaren laguntzarekin.