Oraindik iraileko datuak falta badira ere, Estíbaliz Olabarri Eusko Jaurlaritzako Trafikoko zuzendariak Euskadiko Udako Irteera-Itzulera Operazio Bereziaren lehenengo balantzea egin du, eta nazioarteko trafikoak 2022koarekin alderatuta % 3,15 gora egin duela nabarmendu du.

Kontuan izanda iraila, trafikoari dagokionez, ekaina bezalakoa izan ohi dela, kalkulatzen da aurtengo udan (ekainetik irailera bitartean), ibilbide luzeko joan-etorriak 3.920.000 izango liratekeela, hau da, Euskadi joaneko 1.960.000 ibilgailuk zeharkatuko zutela eta etorriko beste hainbestek. Hasierako aurreikuspenak zertxobait gainditzen dituzten kopuruak dira.

Nazioarteko trafikoaren igoera hori batez ere Gipuzkoan nabaritu da, eta, bereziki, Biriatuko ordainlekuan eta itzuleran, abuztuko azkeneko bi asteburuetan eta iraileko lehenengoan.

Mugako probintzietarako joan-etorriek ere gora egin dute 2022ko udarekin alderatuta: Kantabriarako noranzkoan % 2,25 egin dute gora, Burgos-Madrilerako noranzkoan % 2,75 eta Nafarroarako noranzkoan % 1,80.

Eusko Jaurlaritzak Armiñongo lotunean eta AP-1/N-622 errepideko lotunean, Gasteizerako noranzkoan, eta N-622/A-1 lotunean, Burgos-Madrilerako noranzkoan, abian jarritako operazio bereziei esker, trafikoa arina izan da joan-etorri asko izan diren aldi horretan.

Hain zuzen ere, A-8ko zirkulazioa, Kantabriarako noranzkoan, istripuren bat gertatuz gero zertxobait arindu ahal izateko, Eusko Jaurlaritzak hitzartutako garabi bat jarri du Barakaldo eta Kantabriarako muga bitarteko A-8ko zatian jaiegunetan eta ibilgailu gehien pilatzen diren asteburuetan, bai eta Frantziako Tourraren egunetan ere. Guztira 20 erreskate egin ditu (16 matxuragatik eta 4 istripuagatik), eta iazko udan 12 erreskate egin zituen.

Irteera-operazioa

Araban, irteera-operazioa arintasunez egingo zela bermatzeko, uztailaren 29an, larunbatean, eta abuztuaren 5ean, larunbatean, A-1en paraleloan doan N-1eko ordezko bidea erabiltzea gomendatu zuten Argantzun eta Armiñongo AP-1erako sarbide artean, 6 kilometrotik gorako ilarak sortu baitziren Burgos-Madrilerako noranzkoan. Adierazi behar da aurreko urtean ere 6 kilometrotik gorako pilaketak sortu zirela 2 aldiz Burgos-Madrilerako noranzkoan.

Bizkaian, bestalde, trafiko astuna ia asteburu guztietan Bilbotik Kantabriako kostaldera izaten diren irteeretan sortu zen. Horrela, uztailaren 21ean, ostiralean, auto-ilarak 15 kilometrotik gorakoak izan ziren A-8an, Muskiz eta Barakaldo artean, Kantabriarako noranzkoan, ibilgailu ugari pilatu zirenez eta Muskiz parean hainbat ibilgailuren artean gertatu zen istripu baten ondorioz. Era berean, uztailaren 8an, larunbatean, ere 12 kilometroko ilarak sortu ziren Muskiz eta Portugalete artean pilatu zen ibilgailu kopuruaren ondorioz. 

Gipuzkoan, ilararik handienak uztailaren 28an, ostiralean, eta 29an, larunbatean, sortu ziren Irungo ordainlekuan, Bilborako noranzkoan. Ilarak 7,5 kilometrotik gorakoak izan ziren eta ia Iparraldeko mugara arte (Biriatuko ordainlekua) iritsi ziren.

Itzulera-operazioa

Itzulera operazioan Eusko Jaurlaritzak seinaleztapen berezia jarri zuen Armiñongo lotuneko trafikoa arintzeko AP-1 autobideko irteeran eta A-1eko lotunean, Gasteizerako noranzkoan. A-1eko hiru erreitako bat AP-1etik iristen diren ibilgailuei uzten zaie konoen eta bestelako seinaleen bidez seinaleztatuta, ibilgailuak arintasunez sartzen joango direla bermatzeko.

Gipuzkoan auto-ilararik handienak abuztuaren 18an, ostiralean, 25ean, ostiralean, eta 26an, larunbatean, sortu ziren AP-8an, Biriatuko ordainlekuan, eta 10 kilometroko pilaketak sortu ziren itzulerako nazioarteko trafikoaren eraginez. Gainera, 25ean, ostiralean, 13 kilometroko ilarak sortu diren AP-8an kamioi bat matxuratu zelako Iparraldeko mugatik 3 kilometrora.

Bizkaian aurten ez da auto-pilaketa aipagarririk izan, eta Araban, aldiz, abuztuaren 17an eta 24an 6 kilometroko ilarak sortu ziren A-1 eta N-622 lotzen diren lekuan, Irunerako noranzkoan, ibilgailu ugari pilatu izanaren ondorioz. Bi egun horietan N-622 errepiderako sarbidea itxi behar izan zen bide-segurtasuna bermatzeko, eta trafikoa N-240 errepiderantz desbideratu zen.

Istripuen tasa

Istripuen tasa % 2 jaitsi da iazko udarekin alderatuta. Uztailean eta abuztuan Euskadin hamar pertsona hil dira (bederatzi Gipuzkoan eta bat Bizkaian). Hildakoak 2022ko aldi berean baino bat gutxiago izan dira, eta horietako bi oinezkoak ziren, bi motor-gidariak eta gainerakoak autoen edo bestelako ibilgailuen gidariak.

Guztira 1.067 istripu gertatu dira, 2022an baino 18 gutxiago (374 Gipuzkoan, 451 Bizkaian eta 242 Araban).

Aurten, orain arten, 26 pertsona hil dira Euskadiko errepideetan: horietako sei motorrean zihoazen, bat bizikletan, bost oinez eta gainerakoak autoetan.