Azkenaldian, lagun eta ezagunen arteko hainbat elkarrizketatan galdera bera errepikatu da. Zein garraio da egokiena eguneroko joan-etorrietan mugitzeko? Aukera horrek, zalantzarik gabe, onerako edo txarrerako baldintza dezake eguna. Izan ere, leku batzuetan sortzen diren auto-ilarak estres-iturri dira pairatzen dituztenentzat. Eta sentsazio horrek, nahi ala ez, egun osoan lagunduko die. Argi dago bizi zaren leku motak eta zure zirkunstantziek garrantzi handia dutela epe luzera pertsonaren osasun fisiko eta mentalean eragina izan dezakeen erabaki batean. Gauza bera berretsi du duela gutxi Glasgowko Unibertsitateak egindako ikerketa batek, 82.297 erabiltzaile eskoziarrek lantokira egindako bidaia aztertuta. Ondorioak bistan daude: oinezkoek eta txirrindulariek, batez ere azken horiek, arrisku txikiagoa izan zuten hiltzeko eta ospitaleratzeko, gaixotasun kardiobaskularrak edo minbizia izateko, baita osasun mentalerako botika gutxiago jasotzeko ere. Lantokietara joateko garraio publikoa eta autoa aukeratu zutenek datu okerragoak izan zituzten atal horietan guztietan. Jakina, apur bat pentsatzen badugu, aukeraketa erraza da: zer izan daiteke hobea jarduera fisikoa gure errutinan sartzea baino, gainera denbora gehiago inbertitu beharrik gabe? Zure esku dago.
- Multimedia
- Servicios
- Participación
