Gaua iluna zen aurreko gauekin alderatuta. Gure Gasteiz maitearen argi-kutsadurak ez zuen inolako presentziarik. Gau lasaia zirudien. Gasteiztarrak lasai zeuden lo isiltasun osoa kilker urbanoren baten soinuak bakarrik eteten baitzuen. Ezerezetik bezala, burrunba bortitz batek hartu zuen hiria eta abisatu gabe ura agertu zen. Euria goitik behera ari zuen tantaren eta tantaren artean lekurik utzi gabe. Zarata gorgarria zen. Trumoiak eta tximistak sinkronizatu egiten ziren ekaitza ia gainean zegoela iragarriz. Bagenekien jada, alerta horia aurreko egunetik aurreikusita baitzegoen ia Euskal Herri osorako, baina inoiz ez gaude prest horrelako ekaitz batek gure hiria gauaren erdian astindu eta gure amets lasaia hausteko. Eskolara itzultzeko inoiz prest ez gauden bezala. Zein azkarra izan den, bat-batean agertu da, aurreikusita bageneukan ere. Iraila gaueko ekaitza bezala iritsi da gure lasaitasuna astinduz. Haurrak eskolara itzultzen dira, helduak beren lanetara, erretiratuak beren milaka jardueretara, politikariak ekitaldiz beteriko agendetara, eta, ondorioz, Gasteizko lasaitasunak beste ikasturte bati bide ematen dio, egin beharreko zeregin berriez betea. Itxaropen nagusia da ekaitzaren ondoren beti datorrela barealdia eta Gabonetako oporrak berehala ditugula gurekin. Animo denoi.