Joan den astean senitarteko batzuen bisita izan genuen eta, zurea ez den hiri bat bisitatzen duzunean ohitura den bezala, Santa Maria Katedrala ikustera eraman genituen. Behin baino gehiagotan egon banaiz ere, ikastolarekin edo senide eta lagunen bisitekin, oraingoan gehien harritu eta poztu nauen aldia dela esan behar dut. Miresgarria da hiri honetan daukaguna, eta askotan ez diogu behar bezalako arretarik eskaintzen. Horregatik, oraingo honetan, gure hirian turista izateak duen garrantzia nabarmendu nahi dut. Alde Zaharretik paseatu eta horma-irudiak arretaz miretsi. Atentzioa ematen diguten eraikinak, balkoiak eta leihoak bilatu. Iraganean gure kaleetan bizi izan ziren familien ezkutuei buruz ikertu. Gasteiz maitetik igaro diren kulturen historiak ezagutu eta orain garen horretan nola eragin duten jakin. Eraztun berdearen bideak zeharkatu eta kartelak irakurri, inguratzen gaituen flora eta fauna ezagutzeko. Noizean behin bisita gidatuak egin hirian zehar, baita museoak ikustatu ere. Eta zergatik ez, etxera edo lanera egin ohi dugun ibilbidea aldatu dezakegu, beste txoko batzuk ezagutzeko. Gure hiria hobeto ezagutzeak jakintsuago bihurtu, eta pozez beteko zaitu. Proba ezazu, gustatuko zaizu eta.
- Multimedia
- Servicios
- Participación
