Noraezean zebilela ematen zuen gizona, begirada lausotua, ibilera dudatsua. Altua eta argala zen, adinekoa, bizar zuriduna, eta bere erdi-zoro itxuraren atzean duintasun aztarna bat nabaritzen zen, sufrimendua eta penarekin batera. Duela pare bat egun ikusia nuen, jarrera berberarekin. Ez zen oldarkorra, ez lotsagabe, ez harroputza. Ahots hari xume batekin, ahalegin fisiko itzela –eta batez ere mentala– egin ondoren, emakumeari hitz egitea lortu zuen. “¿Me puede ayudar, por favor?”. Hitz ahul horiek ez ziren, ordea, kale gorrian dagoen jendearen ohikoak, pobreziaren errutinagatik higatuak. Bere premia berehalakoa zen, nahiz eta oso lasai eta etsi adierazita. Zelan lagundu daiteke egoera horretan dagoen pertsona bati? Bi eurorekin? Entzute ulerbera batekin? Emakumea bere mugikorrari itsatsita zegoen. Haserre eta mespretxuzko begirada batek aurreratu egin zion bere erantzunari, telefonotik aldendu barik. “No”. Ezetza zuzena, ozena, hotza eta harroa zen, bi hizki soiletan kontzentratuta, eta gizonak ekin zion berriz bere helbide gabeko ibilbideari, erantzun hura berari zegokiona zela onartuko balu bezala. Eta ez zen merezi zuen eran-tzuna, besteen zorigaitz aurrean gure deserosotasuna, beldurra eta lotsa ekiditeko baliatzen duguna baizik.