5 zenbakiak eta haren garrantziak gaur dakarkigute orrialdearen izkina honetara. Zenbaki lehen hau oso presente dago gure bizitzetan. Lurrak 5 kontinente ditu, eta hala erakusten dute Olinpiaden 5 uztaiek. Bost dira talde bakoitzeko jokalariak gure kirol gogokoenetako batean, saskibaloian, alegia. Naturaren elementuak eterra kontuan hartzen badugu bost dira. Eta kapitain Planet sortzeko ere. Lurra, sua, haizea, ura... bihotza! Aurrera Planet. Frikadak alde batera, gizakiak bost zentzu ditu, nahiz eta batzuk seigarren zentzumen bat dutela iruditu. Bost dira oineko behatzak, baita eskuko hatzak ere. Irulegiko esku aurkitu berriak hain ongi erakusten digun bezala. Eta aurkikuntzez ari garela, gustatu zaigun jatetxe berri bat probatzen dugunean, berehala gomendatzen diegu gertukoei eta 5 izarrekoa dela esaten diegu. Bide batez, Arrea! jatetxea zoriondu nahi dut bere lehen Michelin izarra lortu duelako. Euskarak, gaztelaniak bezala, 5 bokal ditu, eta ekuazioak gaizki ateratzen ez bazaizkit eta inor areriotu nahi gabe, bokal guztiak dituzten hitz pare bat irakurri dituzu konturatu gabe. Zer diozue pentagramaz? Beethovenen bosgarren sinfonia bezalako maisulanak sortzea lortu du. Melodia on baten erritmoan murgilduta, eskerrak ematen dizkizut azken bost urte zoragarri hauengatik.