Liburu berri bat irakurtzen hasi gara alaba eta biok: Mimatuz eta Xabier Etxanizen Hirugarrena orduan. Pertsona baten galeraz hitz egiten duenez, alabarekin heriotzatz hitz egiteko aukera eman dit. Heriotza bizitzaren parte den arren, deseroso sentiarazten gaituen gaia da. Nahiago dugu horretaz ez pentsatu, ez hitz egin. Normalean ez gaude prest heriotza onartzeko, eta zailtasunak ditugu gure emozioak kudeatzeko hurbiletik ukitzen gaituenean. Gehienok beldur diogu heriotzari, edo behintzat, errespetu asko ematen digun gaia da, baina lehenago edo beranduago hurbileko norbaiten galerak eragindako nahasmen eta minari aurre egin beharko diogu. Maddi da liburuko protagonista, triste eta haserre dago bere ahizpa txikia, amaren tripan zegoena, hil egin delako. Hor hasi da nire alaba milaka galdera egiten: Non dago orain txikia? Zergatik ez du inoiz ikusiko? Ondo dago? Heriotza haur eta nerabeekin jorratzea inportantea dela konturatu naiz. Eskola guztietan bermatu beharko litzateke, baina oraingoz heriotza lantzea ikastetxe bakoitzaren erabakia dela erantzun du Hezkuntza sailburuak, Naroa Martinez irakasle eta psikopedagogoak, gaia eskoletako curriculumean txertatzea eta irakasleak arlo horretan formatzeko eskaera egin eta gero. Heriotzaz hitz egitea bermatzen ez dugun bitartean, tabu izaten jarraituko du.