asi berri den urte honetarako asmoen zerrenda idatzi baino lehen zerbait dago egitearren, kontu zaharrak argitzea eta garbitzea. Morfeoren besoetan erortzen naizen unea egunaren onena da oraindik ere, eta, oro har, gauero burkoa gustura besarkatzen denean kontzientzia lasai dabil. Nolanahi ere, barkamen orokor bat eskatu nahi diot samindu, iraindu edo huts egin omen dudan edonori, batzuetan gizakiok zauritzen baitugu gure hurkoak, nahigabe ia beti, hanka sartze edo gutxiespenaren batengatik, ahozabalegi izateagatik, edo sentiberatasun ezaren bat dela eta. Era berean, nire pazientziarekin jolastu dutenarekiko amorrua nolabaiteko mesfidantza zuhurraraino beheratzeko konpromesua hartzen dut hemen handikiro. Hau guztia esanda, eta gabonetako eromena gaindituta, denok lasaitzeko eskatzen diot urte berriari, eseri eta benetan garrantzitsuak diren bizitzaren laupabost gauzetan sakontzea, gainontzekoa kudeatuz ahal dugun moduan. Hoztasuna gure bizitzaren gertakarien analisietan, berotasuna jendearekiko tratuan, epeltasuna gatazketan eta apaltasuna gure eguneroko jokaeran. Osasun asko, sos pixka bat eta maitasuna une oro opa dizkiot mundu guztiari eta, noski, nire buruari ere. Eta eskatzearren, eguraldi ona eskatzen dut oporraldietan.
- Multimedia
- Servicios
- Participación