ienvenidos a casa!, esan zigun morroiak, bere amorrua ironiarekin estaltzen saiatuz, alferrik. Praka motz eta txankletetan jantzita, gure azal beltzaranak eta hondartzako tresnek nondik gentozen argi adierazten zuten. Musuetan, ez harridura edo goibeltasuna, etsipena baizik, arabarron moduan egunero begiratzen baikenuen etxeko eguraldia eguzkipean eta, beti bezala, eta aldi hartan are gehiago, iluntasun meteorologiko eta espirituala sumatzen zelako jadanik Harotik gora. Eta hala lurreratu ginen gure atariaren ondoan, testuinguritik erabat kanpo, dardaraka, talde hura igaro zenean eta koadrilaren xelebreenak bere aukera aurkitu zuen nabarmentzeko. Ez genuen txarto hartu ganoragabekeria, gure jarrera tropikalari esker, baina bai nahasmen puntu txiki batekin; elkartasun keinu bat, umore beltza zela medio, edo adarra jotze hutsaren aurrean geunden erabakitzeko gai ez ginelako. Normala izan dela hau guztia diote adituek, ekaina eta uztailako eguraldiaren kontua esan nahi dut, eta ni ez naiz inor eurak ezeztatzeko. Azken finean ilunpea izan da nagusi gurean betidanik, eta benetako aldaketa kezkagarriaren ondorio larrienak ez ditugu ikusi orain hemen, inondik ere. Hura ez da izango txantxetarako kontua.
- Multimedia
- Servicios
- Participación