Udaltzaingoak flota berrituko du azken belaunaldiko ekipamenduarekin hornitutako lau ibilgailu hibrido eta ECO berrirekin
Bi SUV hibrido entxufagarri eta bi ECO auto gehituta, polizia-zerbitzuaren segurtasuna, jasangarritasuna eta eraginkortasuna indartuko dira
Udaltzaingoak lau ibilgailu berri izango ditu laster bere flotaren modernizazio- eta jasangarritasun-estrategiari esker. Polizia-erabilerarako errotulatutako bi SUV hibrido entxufagarri eta ECO ingurumen-bereizgarria duten errotulaziorik gabeko bi auto biltzen ditu erosketak. Horretarako, 171.145 euroko aurrekontua du (BEZa barne).
Tokiko Gobernu Batzordeak ibilgailuak berritzeko kontratazio-espedientea onartu du, Udalak mugikortasun eraginkorrago eta ingurumenarekiko begirunetsuagoarekiko duen konpromisoaren barruan. “Polizia-flotaren elektrifikazioan aurrera egiten jarraitzen dugu, eta ibilgailu berri horiekin Udaltzaingoaren gaitasun operatiboak eta segurtasunekoak ere hobetuko ditugu eguneroko lanean”, adierazi du Segurtasuneko zinegotzi César Fernández de Landak.
Ibilgailu berrietako bi SUV hibrido entxufagarriak izango dira, “Zero emisio” etiketa dutenak, polizia-lanetarako berariaz hornituak. Horietako batek, gainera, atxilotuak eramateko kit homologatua izango du. Biek izango dituzte gasolinazko motorizazio hibrido entxufagarria, 65 kilometrotik gorako autonomia elektrikoa eta azken belaunaldiko ekipamendu teknologikoa eta segurtasunekoa.
Ibilgailuak seinaleztapen optiko-akustikoko sistema aurreratuekin, TETRA irratiekin, LED argiztapenarekin, megafonia-sistemekin, bateria osagarriekin eta polizia-materialaren garraio seguru eta ordenaturako espazio espezifikoekin egokituta egongo dira. Gainera, babes balistikoa izango dute aurreko ateetan, eta bandalismoaren aurkako segurtasun indartuko kristalak.
Erosi beharreko beste bi ibilgailuak errotulaziorik gabeko autoak izango dira, eta eragiketa- eta laguntza-lanetara bideratuko dira. Ibilgailu horiek gasolinarekin eta PGLarekin funtzionatuko dute, eta ECO ingurumen-bereizgarria izango dute. Gidatzean eta segurtasunean laguntzeko sistema aurreratuak ere izango dituzte, hala nola errei-aldaketaren alerta, nekearen detekzioa, larrialdiko balaztatzean laguntzea eta atzeko ikusmen-kamerak.
Ibilgailu berriei esker, kontsumo eta emisio kutsatzaileak murriztu, flotaren eraginkortasun energetikoa hobetu eta polizia-ibilgailuen prestazio teknikoak eta segurtasunekoak handituko dira.
Aldi berean, eta Mantentze Zerbitzuarekin lankidetzan, Agirrelandako polizia-etxean elektrizitatea hornitzeko postu berriak instalatzeko lanean ari dira, eta lan horietarako 100.000 euro esleitu dira aurten.
Temas
Más en Gasteiz
-
Armas blancas y menores en discotecas de Vitoria: balance del último dispositivo policial
-
Detenido un hombre en Vitoria tras agredir con una botella rota a otro
-
Vitoria organiza visitas a su vertedero para concienciar sobre el reciclaje
-
Udaberriko Jaia ospatuko dute maiatzaren 16an Gasteizko Adurtza-San Kristobal auzoan