Gasteizko Udalak laster aterako du lizitaziora 'carpooling' edo auto partekatuaren zerbitzua finkatzeko kontratu berria. Ingurumen Gaietarako Ikastegiak 2023ko abuztuan abiatu zuen mugikortasuneko ekimen hori proiektu pilotu gisa eta, ordutik, "agerian geratu da eraginkorra dela". Hori dela eta, hiriko mugikortasun estrategian integratutako zerbitzu egonkor bihurtuko da.

'Carpooling' ibilbide bera egiten duten pertsonen artean autoa partekatzean datza, eta batez ere etxearen eta lantokiaren arteko joan-etorrietara bideratuta dago, bereziki industrialdeetara eta lantoki handietara, kasu horietan gehiengoak autoa bakarka erabiltzen bait. Partekatzen den auto bakoitzak zirkulazioan ibilgailu bat gutxiago dagoela esan nahi du, eta horrek trafiko gutxiago, aparkalekuetan presio gutxiago eta emisioak zuzenean murriztea dakar berekin.

Gasteizko Udaleko iturriek jakinarazi dutenez, esperientzia pilotuaren bi urte luzeetan, zerbitzuak partekatutako 72.000 bidaia baino gehiago eta 2.050 erabiltzaile baino gehiago erregistratu ditu, eta 110 tona CO2 emisio aurreztu. Datu horien arabera, 'carpooling' "benetako irtenbidea da", eta herritarrek egunero lanera joateko erabiltzen dute.

Kontratuak 36.000 eurotik gorako aurrekontua izango du bi urterako, eta, haren bidez, "erabilgarria dela eta hiriko mugikortasunean inpaktu positiboa duela erakutsi duen zerbitzuari eraginkortasuna emango zaio".

Beatriz Artolazabal, Espazio Publikoaren eta Auzoen zinegotziak adierazi duenez, "ez gara hutsetik abiatu, eta ez gara itsu-itsuan apustua egiten ari, oso ondo funtzionatu duen eta erabiltzaileen masa kritiko erreala sortu duen proiektu pilotutik abiatu baikara".

"Carpoolinga beste tresna bat gehiago da gure mugikortasun ereduaren barruan, eta ez du garraio publikoarekin lehiatzen. Hori beharrean, gaur egun alternatiba eraginkorrik ez dagoen lekuetan, hura osatzen du batez ere lanerako joan-etorrietan", gaineratu du.

Udal zerbitzua den arren, plataforma ez da soilik barruko ibilbideetara mugatuko. Bidaiaren jatorria edo helmuga Gasteizen egotea da baldintza, eta horrek aukera ematen du inguruko beste udalerri batzuetara laneko kontuak direla eta joan behar denean autoa partekatzeko ere, hala nola Bilbora edo inguruko beste herri batzuetara.

PIZGARRIAK

Eredu berriaren elementu nagusietako bat pizgarrien sistema da, ohituren aldaketa errazteko pentsatua dagoena. Pleguak argi eta garbi bereizitako bi pizgarri mota ezartzen ditu.

Alde batetik, Gasteizko Udalak finantzatutako udal pizgarriak daude, Gasteiz barruan bidaia partekatuak egiten dituzten gidariei zuzenduta, eta 0,90 euro ordainduko dira bidaia eta bidaiari bakoitzeko. Kontu sail hori plataformaren bidez kudeatuko da, eta hilero justifikatu beharko da.

Bestalde, Energia Aurrezkiaren Ziurtagiriei lotutako pizgarriak sartu dira. Autoa partekatzeak aurrezpen energetiko erreala eta neurgarria sortzen du, eta hori ziurtatu eta merkaturatu egin daiteke. Enpresa esleipendunak kudeatuko ditu ziurtagiri horiek, eta balio ekonomiko horren zati bat gidariei eta erabiltzaileei aplikatu beharko die.

Orobat, sistemak partikularren arteko joan-etorrien gastuak partekatzeko bakarrik pentsatutako gehieneko tarifak ezarriko ditu, eta horrela, zortzi kilometrorainoko ibilbideetan, bidaiariak 0,60 euro ordainduko ditu bidaia bakoitzeko.

Ibilbideak distantzia hori gainditzen duenean, gidariak prezioa ezar dezake kilometroko edo ibilbideko, betiere kilometroko 0,18 euroko gehieneko mugaren barruan. Horrela, auto partekatuaren izaerari eutsiko zaiola eta ez dela irabazizko jarduera bihurtuko bermatu nahi da.