Silvia Casanova Fenollosaren Carnaval inclusivo izenburuko kartelak irabazi du 2026ko Gasteizko Inauteriak iragartzeko antolatutako kartel lehiaketa. Jaiak otsailaren 10etik 17ra bitarte ospatuko dira Arabako hiriburuan.

Sonia Diaz de Corcuera Gasteizko Udaleko Kultura eta Hezkuntza zinegotziak asteazken honetan kartelaren aurkezpenean adierazi duenez, "jaia arlekinez mozorrotzen zen garaiko karteletan oinarritzen da lan irabazlea".

"Esku handi batek errebelazioaren argia hurbiltzen dio festa beste zentzumen batzuetatik jasotzen duenari. Itxurakeriatik haratago ikusteko gonbidapena da, begirada bakoitzak Inauteriaren oinarri eraldatzailearekin bat egingo duen ospakizunarekin bat egiteko gonbidapena".

39 egilek aurkeztu zuten lehiaketan parte hartzeko txostena. Lehen fasean, Arabako diseinugintzako bost profesionalek osatutako epaimahaiak bost finalista hautatu zituen; bostak ziren kartela egin behar zutenak eta bakoitzak 500 euro jaso zituen. Bigarren fasean, Silvia Casanova Fenollosaren kartela aukeratu da bost proposamenen artean, eta 2.000 euro jaso ditu.

Komunikazioko udal teknikari batek, Arabako Diseinu Grafikoaren Profesionalen Elkarteak eta: IDarte, Gasteizko Arte eta Diseinuko Goi Eskola, Ekialdea BHI (Arte Batxilergoa) eta Arte eta Lanbide Eskola ikastetxeek osatu dute epaimahaia

Komunikazioko udal teknikari batek, Arabako Diseinu Grafikoaren Profesionalen Elkarteak eta: IDarte, Gasteizko Arte eta Diseinuko Goi Eskola, Ekialdea BHI (Arte Batxilergoa) eta Arte eta Lanbide Eskola ikastetxeek osatu dute epaimahaia.

XEHETASUNEZ

Silvia Casanova Fenollosa Castellokoa (Valentzia) da, eta Diseinu Grafikoan trebatu zen bertako Arte eta Goi Mailako Diseinu Eskolan. 25 urte baino gehiagoko esperientzia du, ilustrazioan espezializatu da, eta diziplina hori beti egon izan da presente bere komunikazio proiektuetan.

Gaur egun, espezializazio horrek "protagonismoa" hartu du, "ilustrazioaren bidez elkarrizketa bidea irekitzea helburua duen estilo propioa sortzeko aukera emanez, kontzientziak mugituz, hunkituz eta iritzia sortuz".

WIA World Illustration Awards 2022 nazioarteko sarietan, Mexikoko Kartelaren Nazioarteko BICM Bienalean, Boliviako Kartelaren BICeBé Bienalean eta 2019ko Bratislavako Bienalean saritu dute, besteak beste.