Bertaratutako haurren energiari esker martxan jarritako ikuskizun magikoak inauguratu du gaur goizean Gabonetako Haur Parkea. Parkeak Europa Jauregiko ateak ireki ditu, Eguzkilore kometa protagonista izanda eta etorkizunaren, lankidetzaren eta itxaropenaren aldeko mezuekin. Gobernu Irekiaren eta Gizarte Etxeen Udal Sailak bultzatutako aisialdiko, hezkuntzako eta balioetan oinarritutako proposamena datorren urtarrilaren 4ra arte egongo da zabalik 14 urte arteko txikientzat eta familientzat. Atrakzio eta jokoez gain, sarreraren prezioan sartuta egongo den ikuskizun bat eskainiko da egunero.

Miren Fernández de Landak, Gobernu Irekiaren eta Gizarte Etxeen zinegotziak, azaldu duenez, Gabonetako Haur Parkea “topaketarako, jolaserako eta elkarrekin ikasteko gune” sortu dute. Parkearen hari nagusia Eguzkilore kometa da. Kometa, gainera, begirada guztien erdigunea izan da jauregiaren kanpoaldean egin den eta izaera parte-hartzailea izan duen inaugurazio-ikuskizunean. 30 minutu inguruz, haurrentzako antzerki musikala egon da ArteA taldearen eskutik, ehun bat neska-mutilen koreografiekin eta abesbatzako soinuarekin. Musika, kantua, kolorea eta ilusioa, Eguzkilore kometak berriro distira egin dezan. Behin helburua lortuta, familiak Europa Jauregian sartu ahal izan dira dibertsioarekin aurrera jarraitzeko.

JARDUNALDIA

Gabonetako Haur Parkeak adin desberdinetara egokitutako jarduera ludiko, sortzaile eta parte-hartzaileak eskaintzen ditu, lehen haurtzarotik hasi eta 14 urtera arte.

Jolasa tresna gisa hartuta,  lankidetza, errespetua, berdintasuna eta ingurunearen zaintza bezalako balioak sustatzen dira. Espazioen eta adinaren araberako antolaketa zainduaren bidez, parkeak mugimendua, sormena, teknologia arduratsua eta adierazpen artistikoa oinarri dituzten proposamenak eskaintzen ditu. Horri esker, familia bakoitzak bere bisita diseinatu eta parkeaz bere erritmoan gozatu ahal izango du.