Bisita gidatuak izango dira azaroan eta abenduan Kexaako monumentu multzora
Ekimen horrekin, Arabako Foru Aldundiak lurraldeko kultura ondarea sustatzen jarraitzen du
Arabako Foru Aldundiko Museoen Sareak udazkeneko programazio berezia jarriko du martxan eta bisita gidatuak eskainiko ditu Kexaako monumentu multzora. Bisitak azaroan eta abenduan egingo dira eta "aukera paregabea" eskainiko dute lurraldeko "ondare garrantzitsuenetakoa" den multzo historikoa sakon ezagutzeko.
Foru erakundetik jakinarazi dutenez, bisiten ibilbidean, erdiko patiora sartzeko arkupea, Ayalatarren hileta kapera, Aiala Kantzilerrak eraikitako dorrea eta moja domingotarren monasterioko hainbat gela ikusi ahal izango dira, eta parte hartzaileei aukera emango zaie klausurako bizitza komunitatearen alderdiak ezagutzeko.
Ekimen horrekin, Arabako Foru Aldundiak lurraldeko kultura ondarea sustatzen jarraitzen du, eta aukera ematen du Kexaako monumentu multzoaren historia, arkitektura eta balioak ezagutzeko eta haietaz gozatzeko.
Doako bisitak azaroaren 1, 2, 8, 9, 15, 16, 22, 23, 29 eta 30ean eta abenduaren 6, 7, 8, 13 eta 14an egingo dira, euskaraz edo gaztelaniaz, ordubete inguruko iraupena izango dute, eta 12:00etan hasiko dira. Eguneko 30 pertsonako muga izango da (15 laguneko bi talde), eta erreserba egin beharko da 945 101 070 telefonora deituz edo mezu elektronikoa bidaliz reservas@kalearte.com helbidera
BESTE ALBISTE BATZUK
Bestalde, Irudikaren (Euskal Irudigileak elkarteak antolatzen duen Euskadiko Ilustrazio Profesionalaren Nazioarteko Topaketa) bederatzigarren edizioa urriaren 23tik 25era izango da Gasteizko Artium Museoan eta Arabako hiriburuan egongo dira munduko hainbat txokotako artistak, argitaletxeak eta eragileak. Eragileek eta artistek mahai-inguruetan, tailerretan, topaketetan eta hitzordu profesionaletan parte hartuko dute. Ohikoa den moduan, hiru arlo hauen inguruan arituko dira: Ilustrazioa, argitaletxeak eta sektore paraleloak. Euskadirekin loturak sortuko dituzte Greziatik, Finlandiatik, Frantziatik, Palestinatik, Irlandatik, Mexikotik, Uruguaitik, Txekiar Errepublikatik eta Ameriketako Estatu Batuetatik etorriko diren eragileek.