Afrikaldia Afrikar Zinemen Euskal Jaialdiaren bosgarren edizioa egingo da Gasteizen urriaren 28tik azaroaren 4ra bitartean, eta 12 film eta 14 jarduera eskainiko ditu.

Kultura Bendera eta Manuel Iradier elkarteek antolatu dute ekimena, Arabako hiriburuan bizi diren afrikarren 16 kolektiboren parte hartzearekin eta Gasteizko Udalaren, Eusko Jaurlaritzaren eta Vital Fundazioaren laguntzarekin.

Aurkezpenean azaldu dutenez, fikziozko sei film eta sei dokumental izango dira ikusgai 18 saiotan: 12 gaztelaniaz Florida zinema aretoetan, eta beste seiak euskarazko azpitituluekin Izaskun Arrue Kulturgunean.

HERRIALDEAK

Guztira, 20 bat herrialde daude ordezkatuta film horien ekoizpenean, eta sari eta aitortza ugari jaso dituzte kritikaren eta publikoaren eskutik nazioarteko jaialdi askotan.

Gainera, astean zehar, nazioarteko 12 gonbidatuk parte hartuko dute antolatutako jardueretan eta ikusleekin hitz egingo dute, besteak beste, diasporako zuzendariek, ekoizleek eta artistek.

Bestalde, Artium Museoak ere bat egingo du aurten jaialdiarekin eta Afrikako zinemari buruzko ikastaroa izango da bertan. Zinema industriako profesionalei zuzendutako jarduerak Europa jauregian egingo dira, eta gazteentzako eta haurrentzako tailerrak, berriz, EHUren Arabako campusean, Mendizabala Institutuan, Arte eta Lanbide Eskolan eta IDarten.

Afrikaldiaren inaugurazio ekitaldia urriaren 28an egingo da Europa jauregian

Afrikaldiaren inaugurazio ekitaldia urriaren 28an egingo da Europa jauregian, eta Sambou Diaby Senegalgo sustraiak dituen euskal aktoreak zuzenduko du. As Aventuras do Angoast' filma ikusteko aukera ere izango da, Resem Verkron eta Marc Serena zuzendariak bertan daudela. Otsailean hil zen Souleymane Cissé Maliko zinema zuzendari ospetsuari omenaldia egingo diote.

Bikatzeko, itxiera ekitaldia azaroaren 4an egingo da, eta epaimahaiaren, publikoaren eta soinu banda onenaren sariak banatuko dituzte.