Ertzaintzak hiru gizonezko atxilotu ditu joan den irailaren 30ean Gasteizen arma zuriekin bi pertsonari eraso egitea leporatuta, Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Saileko iturriek jakinarazi dutenez.

Egitateen egunean, 19:00ak aldera, bi gizon Gurutze Zuria kalean oinez zihoazenean, arma zuriak zeramatzaten hiru mutilek eraso egin zieten hitz-erdirik esan gabe. Horietako bat sorbaldan zauritu zuten eta besteak ihes egitea lortu zuen eta inguruko taberna batean babestu zen, baina bi erasotzailek bertan harrapatu zuten eta bi labankada eman zizkioten bizkarrean eta bat buruan. Jarraian, erasotzaileek azkar alde egin zuten ostalaritza establezimendutik.

"Handik gutxira iritsi ziren lekura Ertzaintzaren patruilak, baina ezin izan zituzten aurkitu delituaren egileak. Bien bitartean, bi zaurituak anbulantzian eraman zituzten Txagorritxu ospitalera mediku arreta jasotzeko", azpimarratu dute Eusko Jaurlaritzaren Segurtasun sailetik eta Ertzaintzatik.

IKERKETA

Gasteizko ertzain-etxetik ikerketa jarri zuten abian erasotzaileak identifikatzeko, eta asteazkenean atxilotu zituzten Gasteizen hirurak, 23, 22 eta 21 urtekoak, lesio delitu bana leporatuta. Zaharrenak polizia aurrekari ugari ditu, bai arma zuriz egindako erasoengatik bai ondarearen aurkako delituengatik.

Biktimetako batek salatu zuenez, gertakariaren jatorria duela bi hilabete 23 urteko atxilotuarekin izan zuen liskarra izan zitekeen. Hiru atxilotuak agintari judizialaren eskuetan jarriko dituzte dagozkion polizia eginbideak amaitzean.