Arabako Foru Aldundiko Kultura eta Kirol Sailak eta Arabako Etnografia Mintegiak 'Ohitura. Estudios de Etnografía Alavesa' aldizkariaren 17. zenbakia kaleratu dute, Las ermitas de la Cuadrilla de la Llanada Alavesa/Arabako Lautadako Kuadrilla izenburupean, eta Agurain, Alegria-Dulantzi, Asparrena, Barrundia, Burgelu, Iruraiz-Gauna, Donemiliaga eta Zalduondoko 200 ermita baino gehiagori buruzko ikerketa lan sakona egin du.
Bildumak Arabako ermitei eskaintzen dien bosgarren ale monografikoa da, Montserrat Ocio Vallejok koordinatu du, eta herri bakoitzean lan egin duten hainbat egileren ekarpena jaso du, aurkezpenean azaldu dutenez.
1957an Zadorrako urtegia sortu ondoren urpean geratu ziren hilerri kaperak eta ermitak ere azaltzen dira
Bada, azterlanak dokumentu historikoak, ahozko inkestak eta behaketa etnografikoa uztartzen ditu baselizen ikuspegi osoa emateko, bai zutik daudenena, bai desagertu direnena.
Eraikin zerrenda zabala da: zutik eta kultuarekin kontserbatuta dauden ermitetatik 30 inguru daude Arabako Lautadan, horien artean Aiarako Andre Mariarena (Dulantzi) edo Amamioko San Juanena (Araia). Desagertutako 204 ermita inguru ere daude dokumentatuta. Gainera, bestelako tratamendua eman zaie baserri edo nekazaritza etxe bihurtu diren ermitei, hala nola Ulako Andra Mariakoari (Agurain) edo San Martingoari (Uribarri Jauregi).
ZADORRAKO URTEGIA
Gurutzadura, gurutze eta hagiotoponimo ugari daude, komentuak, serorategi eta otoiztegiekin batera. Era berean, 1957an Zadorrako urtegia sortu ondoren urpean geratu ziren hilerri kaperak eta ermitak ere azaltzen dira.
"Espazio horien arkitektura edo funtzio erlijiosoa ez ezik, lanak Lautadako bizitzan izan duten gizarte eta jai eginkizuna ere islatzen du, belaunaldiz belaunaldi transmititutako oroitzapenak, bizipenak eta tradizioak berreskuratuz", azaldu dute.