Gasteizko Ingurumen Gaietarako Ikastegiaren udazkenerako jardueren agendak 60 proposamen eskainiko ditu urritik abendura bitarte Ataria Salburuko Hezeguneen Interpretazio Zentroan eta Olarizuko Lorategi Botanikoan.

Borja Rodriguez Gasteizko Udaleko Ingurumen zinegotziak adierazi duenez, "publiko guztientzako proposamenak daude, zientziaren dibulgazioa, artea, natura eta sormena uztartzen dituztenak. Hitzaldiak, lantegiak, txangoak eta familia jarduerak izango dira asteburuetan urritik abenduaren amaierara arte", gaineratu du.

Horrela, Olarizuko Lorategi Botanikoaren edertasunaz gozatzeko bi ibilbide antolatu dira. Lehena lorategiaren mendebaldean egingo da, zuhaitz hostoerorkorrek zimeltzen direnean zer kolore hartzen duten ikusteko; bigarrena baso mediterraneoetan barrena izango da, oporretako uneak gogoratzeko edo etorkizunean bisitatu nahi diren eskualdeak planifikatzeko.

Halaber, SEO/BirdLife erakundeak hiru hitzaldi eskainiko ditu: berriztagarriei eta biodibertsitateari, Gasteizko Eraztun Berdeko hegazti arrunten jarraipena egiteko programari eta lurraldearen zaintzari buruzko bana.

Lantegi ugari ere antolatu dira, besteak beste, zianotipiaren argazkigintza teknikarekin esperimentatzeko, arnasbideetarako baltsamo bat egiteko, zume biziko lorontziak sortzeko eta oihaletan landareak eta loreak estanpatzen ikasteko

Gainera, Euskadiko Hazien Sareak Olarizuko Lorategi Botanikoaren Etxaldeko ateak irekiko ditu ostiral honetan, urriaren 3an, baita azaroaren 7an eta abenduaren 12an ere, lantokia, haziak eta martxan dauden proiektuak erakusteko.

LORATEGIA

Lorategian perretxiko eta sendabelarren bila ibiltzeko, tximeleten mundua ezagutzeko, haritzaren anatomiaren bidez bizitzaren zuhaitza marrazteko eta Ginkgo bilobaren (zuhaitz fosil biziduna) munduan barneratzeko aukera ere izango da.

Lantegi ugari ere antolatu dira, besteak beste, zianotipiaren argazkigintza teknikarekin esperimentatzeko, arnasbideetarako baltsamo bat egiteko, zume biziko lorontziak sortzeko eta oihaletan landareak eta loreak estanpatzen ikasteko.

Familientzako agenda propioa ere prestatu da, era askotako jarduerekin: Lorategian geratuko diren obra iragankorrak sortuko dituzte aire zabaleko lantegi batean, eta beste batean, aldiz, Eguberriei artisau ukitua ematen ikasiko dute pinaburuak, adarrak eta hostoak erabiliz koroak, girlandak eta zintzilikarioak eginda.