Neiker institutuak hiru ikertzaile sartu ditu Stanfordeko Unibertsitateko zerrendan
Zerrendan munduko ikertzailerik aipatuenak daudenez, "aitortza ikaragarria" da hura osatzen dutenentzat
Stanfordeko (AEB) Unibertsitateak munduko ikertzaile onenen zerrenda eguneratu du duela gutxi, Scopus atariko zientzia arloko argitalpenetako aipuetan oinarrituta, eta Neiker Nekazaritza Ikerketa Garepeneko Euskal Institutuko hiru ikertzaile sartu ditu: Carlos Garbisu doktore eta zuzendari zientifikoa, Inma Estavez Animalia Ekoizpeneko saileko ikertzailea eta Ramon Juste Animalia Osasuneko saileko ikertzailea.
Neikerren arabera, zerrendan munduko ikertzailerik aipatuenak daudenez, "aitortza ikaragarria" da hura osatzen dutenentzat, sailkapena nazioarteko erreferentzia zientifikoko dokumenturik entzutetsuena baita gaur egun zientzialariek egindako lanak duen eragina ezagutzeko.
Halaber, institutuko arduradunentzat, aitortzak erakusten du "Neiker osoaren bikaintasun zientifikoa", kontuan izanda zentroko ikertzaile kopurua txikia Stanfordeko zerrendan dauden beste askoren aldean, eta ikerketa, zerbitzu teknologikoak eta euskal lehen sektorerako transferentzia uztartzen dituela.
Bada, Inma Estevez doktore eta Neikerreko Animalia Ekoizpeneko saileko ikertzailea laugarren aldiz jarraian sartu da zerrendan. Zoologian lizentziaduna da, eta Etologian doktorea Kordobako Unibertsitatean.
IKERKETA
Gaur egun, bere ikerketa, alde batetik, arrautzatarako oiloen produkzioan pikajearen portaera zehazten duten alderdi biologiko eta sozialetan sakontzen saiatzen da, eta, bestetik, sektorearen ongizatea eta produktibitatea hobetzen lagunduko duten sentsorika, teknologia, aplikazioak eta lan metodologiak testatzen eta ezartzen. Hala, hegaztien sektoreko arazo nagusietako batzuetarako konponbideak bilatzera bideratu nahi da ikerketa lerroa.
Garbisu doktorea nabarmentzen da lurzoruetan bizi diren mikroorganismoak ezagutzeko egindako ekarpenengatik, bereziki nekazaritzako lurzoruei eta kutsatutako lurzoruei dagokienez
Bestalde, Ramon Juste doktore eta Neikerreko Animalia Osasun saileko ikertzailea hasieratik dago Stanfordeko rankingean -zazpigarren aldiz jarraian-, eta animalien osasunaren gainean garatu du jarduera zientifikoa.
Bere ekarpen zientifiko nagusiek mikobakteriosiaren azterketa dute ardatz; paratuberkulosia kontrolatzeko eraginkortasun epidemiologiko eta ekonomikoaren lehen eredu matematikoa garatu du, eta lagundu du Espainiako H5N1 hegazti gripearen lehen kasua detektatzen. Frogatu du, orobat, immunitate entrenatuan oinarritutako babes espezifikoa eta ez-espezifikoa.
Azkenik, Carlos Garbisu doktore eta Neikerreko egungo zuzendari zientifikoa Stanfordeko rankingean sartu dute zazpigarren aldiz jarraian, hau da, zerrenda argitaratu zuten lehen urtetik. Neikerren eta Euskal Herriko Unibertsitatean (EHU) ez ezik, University of Aberdeen-en (Eskozia), Imperial College London-en (Erresuma Batua), King's College London-en (Erresuma Batua) eta University of California-Berkeley-n ere aritu da ikerlari.
Garbisu doktorea nabarmentzen da lurzoruetan bizi diren mikroorganismoak ezagutzeko egindako ekarpenengatik, bereziki nekazaritzako lurzoruei eta kutsatutako lurzoruei dagokienez. Gaur egun, nekazaritza jasangarriago baten ikuskera teorikoa eta praktikoa jorratzen du, baita lurzoruaren nahiz pertsonen osasunen arteko loturak ere.