Jon Gurutz Gomez Goikolea Arkautiko (Araba) Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiako zuzendari nagusi izendatzea onartu du astearte honetan Eusko Jaurlaritzako gobernu kontseiluak, eta horrela, joan den abuztuan kargua utzi zuen Miren Dobaran ordezkatuko du.
Jaurlaritzatik jakinarazi dutenez, Goikolea Informazio Zientzietan lizentziaduna da, ibilbide profesional luzea du eta "ondo ezagutzen du" Segurtasun Saila, Juan Mari Atutxa sailburu zela prentsa eta komunikazio aholkulari eta Herrizaingo Saileko Sailburuaren Kabineteko buru izan baitzen 1992 eta 1998 bitartean.
Hamaika urtez Presidentearen Kabineteko buru ere izan zen Eusko Legebiltzarrean, eta, 2009 eta 2024 artean, Europako Parlamentuko aholkulari izan zen.
Goikolea da Arkautiko Akademiako zuzendaritza nagusiaz arduratuko da
Goikolea da Arkautiko Akademiako zuzendaritza nagusiaz arduratuko da, eta Olga Fernandino izango da Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiako Administrazio eta Zerbitzuen zuzendaria. Goikolea eta Fernandino arduratuko dira akademiaren hezkuntza eredu berria gauzatzeaz; besteak beste, aurrerantzean ikasleek berriro igaro beharko dute gaua Arkautin prestakuntzak irauten duen bitartean eta Arkanpus plataforma digitalaren bidez sareko heziketa eredua garatuko da.
BESTE DATU BATZUK
Bestalde, Eusko Jaurlaritzako gobernu kontseiluak Ertzaintzaren eta Microsoft Ibérica konpainiaren arteko jarduketa-protokolo orokor bat sinatzea onetsi du astearte honetan, Ertzaintzaren 'Prebentzioa komunikazioaren bidez landuz' taldea zibersegurtasunaren arloan prestatzeko. Helburu zehatza da Euskadiko ikastetxeetako ikasleak zibersegurtasunaren arloan sentsibilizatu, informatu eta kontzientziatzeko prebentzio programa horretan lan egiten duten ertzainen gaitasunak hobetzea.
Jaurlaritzaren arabera, Ertzaintzaren eta Microsoft konpainiaren arteko lankidetzak "nabarmen lagunduko du zibersegurtasunari buruzko azken joerak Euskadira hurbiltzen, agenteek ikasleak ziurtasun handiagoz prestatu ahal izan ditzaten ingurune digitalean beharrezkoa den autobabesean".