Bilboko Udaleko Mugikortasun eta Jasangarritasun Sailak Juan Bas idazle eta zutabegile bilbotarrari eman dio 2025eko Ibiltaria saria astelehen honetan ospatu den Bilbo, nire kotxe barik egunean, "ibiltzea kultur eta literatur keinu bihurtzeagatik", besteak beste. Saria emanez bukatu dira Bizkaiko hiriburuan Mugikortasunaren Europako Astearen baitan antolatu diren ekitaldiak.

Ibiltaria sariak aintzat hartzen ditu beren ibilbidearen, balioen edo ekarpen kultural eta sozialaren bidez Bilbo hiri jasangarriagoa, bizigarriagoa eta atseginagoa egiten laguntzen duten pertsonak eta kolektiboak, Bilboko Udaleko arduradunek nabarmendu dutenez.

BALORAZIOA

Nora Abete Bilboko alkateorde eta Mugikortasun eta Jasangarritasuneko zinegotziak eman dio saria Juan Basi Artxandako Funikular berrituaren instalazioetan, hiriari begira. "Aitorpen sinbolikoa da, baina balio pedagogiko handia du: ibiltzea, batetik bestera joateko modu osasungarri, irisgarri eta jasangarria izateaz gain, hiriarekin eta bertan bizi direnekin erlazionatzeko modu bat ere bada", esan du Abetek.

"Aitorpen sinbolikoa da, baina balio pedagogiko handia du: ibiltzea, batetik bestera joateko modu osasungarri, irisgarri eta jasangarria izateaz gain, hiriarekin eta bertan bizi direnekin erlazionatzeko modu bat ere bada"

Ibiltaria saria emanez, Bilboko Udalak nabarmendu nahi izan du Juan Basek jakin izan duela "egunero ibiltzea kultur eta literatur keinu bihurtzen". "Hiria zeharkatzeko duen moduak erakusten du paseatzea ez dela soilik ohitura osasungarria, baizik eta baita memoria urbanoa eraikitzeko eta nortasun kolektiboa kontatzeko modua ere", adierazi du.

Izan ere, Bilboko Udalaren arabera, arlo profesionalaz harago, Juan Bas "ibiltari literarioa" ere bada. "Zazpikaleetan bizi da, eta askotan kale horietatik ibiltzen da, eguneroko bizimoduari so, arlo pertsonala eta narratiboa nahasten dituen begirada batekin. Bere paseoak ez dira joan-etorri hutsak, zentzumenak erne izaten baititu: elkarrizketak entzun, usainak hauteman, jendearen keinuei begiratu edo auzo aldaketei erreparatzen die. Hori guztia bere kontakizunetako narrazio gai bihurtzen da", azaldu du.